Joseba del Olmo, Orion bizi den futbolari profesional ohia: «Oriok denetik du eta semeak hazteko leku aproposa da»

Joseba del Olmok datorren hilabetean sei urte egingo ditu Orioko biztanle bezala./ETXEBERRIA
Joseba del Olmok datorren hilabetean sei urte egingo ditu Orioko biztanle bezala. / ETXEBERRIA

ANTXON ETXEBERRIAORIO.

Joseba del Olmok 6 urte daramatza Orion bizitzen bere emaztea eta bi semeekin. Jaiotzez Barakaldokoa, baina futbolari profesionala izan denez, leku batetik bestera ibili da. Athleticen jokatu zuen, Alacanteko Herculesen, Ponferradan, Eibarren ... «Orion bizitzea erabaki genuen eta oso gustora hartutako erabakiarekin», aitortzen du.

-Joseba, kontatu iezaiguzu futbolista profesional bezala egindakoa ibilbidea?

-Ni Barakaldokoa naiz, 36 urte ditut eta futbolean maila guztietan jokatu dut. Lutxanan hasi nintzen, Erregionaleko taldean; gero 3. Mailan Arenasen jokatu nuen, ondoren Lemoan, 2. B mailan. Handik Baracaldok fitxatu ninduen. Garai hartan ni bakarrik nintzen etxeko jokalaria eta ohore handia izan zen niretzat. Segidan Sestaon jokatu nuen, baita ere 2. B mailan, eta Eibarrek fitxatu ninduen Manix Mandiola entrenatzaile zela eta urtebete egin nuen 2. Mailan, Athletic-ek fitxatu arte. Joaquín Caparrós zen entrenatzaile. Orduan, 27 urterekin, 12 partidu jokatu nituen lehen mailan. Ezkerreko hegaletik jokatzen nuen, oso gustora ibili nintzen, baina otsaila hasieran lesionatu egin nintzen eta hortik aurrera geldirik eta zapore gazi-gozoarekin amaitu nuen. Bizkaitar batentzat Athletic-en jokatzea amets bat da, baina hor amaitu zen nire ibilbidea Athletic-en.

«Alicanten konturatu nintzen futbol profesionala zer zen, han ez zegoen Athleticen topatu zuen koadrila giroa»

«Herriari zerbait bueltan eman behar zitzaiola iruditzen zitzaidan eta Oriokoren jubenilei laguntzen aritzen naiz»

-Gogoan duzu zein jokalari zenituen taldean?

-Bai, noski. Alineazio tipoan, Iraizoz, Iraola, Ocio, Amorebieta, Koikili, Javi Martinez, Yeste, Susaeta, Etxeberria, Llorente eta Toquero zeuden. Oso talde polita geneukan, eta entrenatzailea, Caparrós, oso motibatzailea.

-Eta Athleticetik nora joan zinen?

-Athleticetik Herculesera; 28 partidu jokatu nituen eta lehen mailara igotzea lortu genuen, 'Boquerón' Esteban entrenatzaile zela. Ordurarte etxetik apenas mugitu nin-tzen, baina Alicanten konturatu nintzen futbol profesionala zer zen. Athleticen koadrila giroan ibiltzen ginen, baina Alicanten jokalari bakoitza punta batekoa zen. Sendoa Agirre bizkaitarra nuen taldekide eta asko lagundu zidan. Urte polita egin eta Lehen Mailara igo ginen. Orduan, Lehen Mailan jokatzeko, direktibak dirutza gastatu zuen: Drente, Trezeget eta honelako jokalariak fitxatu eta abuztuaren bukaeran taldean lekurik ez nuela esan zidaten. Dena den, zortea izan nuen eta Ponferradara joan nintzen utzita; eta 2. Mailan dena jokatu nuen, urte polita osatuz. Denboraldia bukatu eta berriz bueltan Hercules-era, baina orduan Eibarrek deitu zidan 2. Mailan jokatzeko eta ez nuen bi aldiz pentsatu. Dena den, urte txarra pasa nuen lesioengatik eta futbola uztea erabaki nuen.

-Eta geroztik, ez duzu jokatu?

-Bueno, Laudion jokatu nuen ondoren 3. Mailan Joseba Agirre oriotarrarekin eta nire anaia Keparekin (egun Balmasedan jokatzen du), baina orain 4 urte futbola guztiz alde batera uztea erabakita neukan, baina Pablo Turrilasek deitu zidan eta beste urtebete eman nuen Lagun Onak-ekin, Hirugarren Mailan, urte polita borobilduz.

-Eta nolatan bizi zarete Orion?

-Esan dizudan bezala, toki askotan bizi izan naiz, baina Eibartik bueltan, nire emaztea, Alasne, Arkitektura ikasten ari zen Donostian, eta ni Barakaldon bizitzen Eibarren joka-tzen nuenean. Donostia aldean pisu bat bilatzen hasi ginen eta Orion bukatu genuen. Egia esan, aurretik ezagutzen genuen herria, gazteagoak ginenean Aste Santutan eta uda partean egondakoak ginen.

-Orduan, guztiz oriotartuta?

-Egia esan, bai. Oso gustora gaude Orion; maiatzean 6 urte egingo ditugu bertan. Bi semeak ere hemengoak dira. Guretzat leku aproposa da semeak hazteko. Konturatu zaitez Barakaldok 100.000 biztanle dituela, Oriok 5.000. Gu han agobiatu egiten gara; hemen hobeto gaude. Leku ederra da bizitzeko: leku lasaia, hondartza, mendia, jende jatorra, herri txikia baina bizia... Nik uste gainera Oriok denetik duela. Athleticekin jokatzen nuenean Bilboko alde zaharrean bizi nintzen; Alicanten hondartza eta itsasoa geneuzkan, Ponferradan mendia... Oriok dena dauka, gainera Donostia edo Bilbo gertu. Nire emazteak esaten dit, hemendik ez garela mugituko.

-Eta lana non egiten duzu?

-Ni izatez ingeniari mekanikoa naiz eta orain Zarautzen nago lanean, irakasle bezala Oteitza ikastetxean. Oso gustora gainera. Futbolean denbora librea geneukan eta unibertsitatean ikasteko aprobetxatu nuen; Eibarren, adibidez, futbola eta lana partekatzen nituen. Orion ere beste lantegi baten 2 urte egin nituen.

-Lagun eta koadrila egin duzue herrian?

-Bai, lagunak, koadrila daukagu. Umeak ere oso gustora daude.

-Gainera, entrenatzaile lanetan ikusten zaitugu Oriokorekin?

-Hemen gaudela, izan dugun harreragatik, herriari zerbait bueltan eman behar zitzaiola iruditzen zitzaidan eta Oriokoren jubenilei laguntzen aritzen naiz.

-Eta non bizi zarete?

-Orion 3 lekutan bizi izan gara. Herri erdian, gero Abaromendin eta orain bi urte etxea erosi genuen Bikamiota inguruan.

-Zaragueta eskolan ere guraso elkarteko lehendakari zaitugu?

-Bueno, lagun batek esaten dit lehendakari bat bakarrik dagoela Euskal Herrian, ni guraso elkarteko presidentea naiz. Ardurak hartzea ez zaigu gustatzen, baina bi semeak eskolan ditugu eta ahal den neurrian lagundu behar dela iruditzen zait.

 

Fotos

Vídeos