Jexux Artze Kultur Elkarteak antolatutako udaberriko ekitaldiak, hastear

Lau Sasuak kontzertuarekin hasiko da ostiralean kultur zikloa. / J.A.
Lau Sasuak kontzertuarekin hasiko da ostiralean kultur zikloa. / J.A.

Lau Sasuak kontzertua izango da larunbatean Sutegiko auditorioan, eta sarrerak Lizardin daude salgai 8 eurotan

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Jexux Artze Kultur Taldeak antolatuta, kultur ekitaldi desberdinak izango dira hilaren 4tik 24a bitartean. 2002ko maiatzaren 4an hil zen Jexux Artze herriko txalapartaria eta orduz geroztik sortu zen Jexux Artze Taldea, orain Jexux Artze Kultur Taldea. 2003. urteaz geroztik, maiatza iristearekin batera, urtero-urtero kultur egitarau desberdinak antolatuaz. Aurtengoan ere, arlo desberdinetako ikuskizunez gozatzeko aukera izango da.

Larunbat honetan, maiatzaren 4an, Lau Sasuak kontzertua izango da Sutegiko auditorioan arratsaldeko 19:30ean hasita. Sarrerak Lizardin daude salgai aldez aurretik 8 eurotan eta egunean bertan 10 euro ordaindu beharko dira sarreran.

Baionako Arranoa laukoteak eta Ipar Euskal Herriko beste hainbat musikarik osatzen dute Lau Sasuak. Arranoa taldeko Marina Beheretxe biolin jotzaileak sortu zuen proiektua, eta Antonio Vivaldiren Lau urtaroak euskal maneran egitea zen asmoa. Vivaldik sortu zuen musika honetan naturari buruz aritu zen eta bizitzaren edertasuna agertu.

Maiatzaren 11n 'Zoaz pake santuan' antzezlana Ane Gabarain eta Mikel Laskurainekin24an, 'H-Artzetik, poesia musu zapietan' ikuskizuna eskainiko dute Sutegin

Louis Ligetx koblakari eta idazle zuberotarrak idatzitako Lau sasuak bertso sorta ere errekuperatu dute. Horregatik deitu diote Lau sasuak eta ez Lau urtaroak. Ahotsa, ttun-ttuna, txirula, txistua, txalaparta eta panderoa sartu dituzte hari laukotearekin batera.

Musikariak hauek izango dira: Arranoa hari laukotea, Mixel Etxekopar bertsoak kantatzen, txirularekin, txistuarekin eta ttun-ttunarekin, Paxkal Indo eta Paskalin Xabaño txalapartarekin eta Parrik Larralde panderoarekin.

'Soinujolearen semea'

Hurrengo egunean, 'Soinujoleaeren semea' pelikula ikusteko aukera izango da Sutegiko auditorioan. Fernando Bernuesek zuzendu duen pelikula honen gidoia Patxo Telleriak idatzi du Bernardo Atxaga idazlearen nobela ezaguna egokituta. Sarrera modura 5 euro ordaindu beharko dira.

Maiatzaren 11n, berriz, antzerkiaren txanda izango da. 'Zoaz pake santuan' antzezlana eskainiko dute Ane Gabarain eta Mikel Laskurainek Sutegiko auditorioan 20.00etan hasita. Begoña Bilbaok zuzendutako komedia bizi, freskagarri eta barregarri honek umore beltzetik kontatzen du bikote baten porrota: gaizki esanak, haserreak, adiskidetzeak. Anek daraman bizimodu aspergarriarekin amaitzeko erabakitzen du Mikel pozointzea dela onena. Berehala, ordea, irauli egiten da kontua eta etxean giltzapetuta gelditzen dira biak. Orduan hasten da benetako gorabehera: elkarri inoiz esan gabeak esaten dizkiote. Hala, etenik gabeko elkarrizketetan murgilduko dira protagonistak. Eta, erritmo horri eusteko, ezinbestekoa izan da bi aktoreen arteko lan sakona. Sarrerak Lizardin daude salgai aldez aurretik 8 eurotan eta egunean bertan 10 euro ordaindu beharko dira sarreran.

Jexux Artze Kultur Elkarteak antolatutako Udaberriko ekitaldien azken saioa, berriz, maiatzaren 24an izango da. 'H-Artzetik, poesia musu zapietan' ikuskizuna izango da Sutegin 20.00etan hasita. Sorkuntza prozesu kolektibo baten bidez Joxan Artzeren ibilbide poetikoaz egindako irakurketa eta berrinterpretazio bat da. Ordubete inguruko emanaldi honetan diziplina ezberdinak barnebiltzen dira: Artzeren eta ikuskizunaren egileen poemen errezitaldia, zuzeneko musika, arte plastikoak eta ikus-entzunezko proiekzioa.

Txakur Gorria kolektiboa duela hiru bat urte sortu zen. Sorkuntza kolektiboan irudia eta testua lantzen du hainbat euskarritan. Oraingoan Artzeren obra guztia bildu, irakurri eta aukeraketa bat egin ondoren, horri forma eman eta eszenaratzeko modua aurkitu dute.

Txakur Gorria kolektiboa (Malen Amenabar, Mariñe Arbeo, Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal) eta Peru Galbete musikari usurbildarra dira egileak.