Jende ugari Andatza Egunean

Jendeak ez zuen huts egin maiatzeko lehen igandean eta Andatzara igo ziren. / J. ARANBERRI
Jendeak ez zuen huts egin maiatzeko lehen igandean eta Andatzara igo ziren. / J. ARANBERRI

Zirimarako hezitzaileen eskutik, familia giroan eta jolasean igo ziren

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Giro ederrean joan zen igandean Andatza M.K.K.-k Santueneko lagunekin elkarlanean antolatutako Andatza Eguna. Ohikoa den bezala maiatzeko lehenengo igandean jarrita zegoen hitzordua 562 metroko altuera duen herriko mendirik altuenean eta jendeak ez zuen hutsik egin.

Eguraldi nahikoa ona izan zen, nahiz eta fresko egin, eta goizean goizetik hasi zen jendea bertara igotzen eta lehen orduetan nahikoa jende gutxi bazen ere orduek aurrera egin ahala txabola aurrean jende ugari bildu zen.

Bertako txabola ingurua beteta izan zen goizean zehar, bertan banatzen baitzituzten salda, txorizoa nahiz haragi egosia eta mendizaleek indarrak hartzeko aukera izan zuten.

Aurten, gainera, Eskola Kiroleko proiektua berritzen ari diren Zirimarako hezitzaileen eskutik Andatzara familia giroan eta jolasean igo ziren Andatzara. Dema plazatik irten zen haur eta helduez osatutako taldetxo bat eta Urdaiagan eta Igartzazabal baserri parean taldetxoa haundituz joan zen Andatzara iritsi bitartean. Tartean izan ziren Zirimarako hezitzaileak ere. 12:30ak aldera, jolas desberdinetan parte hartzeko aukera ere izan zuten haur nahiz helduek.