Jakitea Elkartea izendatuko dute aurten Mahasti Jaun San Antonetan

Mahasti Jaunak 2018. Unai Agirre eta Haimar Zubeldia. / AMAXKAR
Mahasti Jaunak 2018. Unai Agirre eta Haimar Zubeldia. / AMAXKAR

Datorren ostegunean egingo da Txakolin Eguna eta eguerdiko uzta berriaren aurkezpenean izendatuko dute

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Datorren osteguna, urtarrilak 17, San Anton eguna ospatuko da Getarian eta festa egitarauaren barne urteroko Txakolin Eguna egingo dute Jatorri Deiturako kideek. Uzta berriaren aurkezpen ekitaldian urtero Mahasti Jaunak izendatzen dira eta aurten Jakitea Elkartea hautatu dute sari hau jasotzeko.

Getariako Txakolina Jatorri Deiturako erabakiaren arrazoia euren esanetan «bertako produktua eta sukaldaritza tradizionala bultzatzeagatik, gure produktuak kanpoan sustatuaz 2018an Wiesbaden (Alemania) edo Burdeosen egin duten bezalaxe» izan da.

Jakitea Elkartea

Jakitea Elkarteko sortzaileak 2009. urtean Aratz Erretegian bildu ziren; Xabier Zabaleta (Aratz Erretegia) proiektuaren ideologoa, hainbat kriniko eta kazetari gastronomikorekin batera, horien artean, Peio Garcia Amiano (EL DIARIO VASCO), Josema Azpeitia, Mikel Corcuera eta Edorta Agirre.

Elkarte honetako kideek garbi azaltzen dute euren sorreraren helburua, «Jakitea Elkartea betiko sukaldaritza, gure betiko euskal sukaldeak sortutako platerak eta bere tradizioari mantentzen dioten sukaldariak indartzeko eta sustatzeko helburuekin jaio zen. Aurreko helburuei heltzeko oinarria kalitatezko produktuetan hartzen dugu, gure inguruko ekoizleak, Km 0ko produktuak eta jatorrizko produktuak erabiltzen ditugu» adierazten dute.

«Euskal Herrian oso ondo jaten da, hemen bezala, zaila da betiko sukaldaritzak eskeintzen duen prezioan jaten den kalitatea beste leku batzuetan jatea. Gure helburua eskoletako jangelak indartzea, oraindik ere badago ikastola, eskola, ikastetxe non sukaldariek inguruko produktuekin gure seme alabei prestatzen diete eguneroko jakiak, eta jakina, betiko sukaldaritzan oinarritzen dira gehien bat» azpimarratuz. «Nola ez gure elkarte gastronomikoak. Hauetan ikaragarri ondo sukaldatzen dute bazkideek, gure betiko platerak bikain prestatzen dituzte» gogoratzen dute baita.

Jakitea Elkartea osatzen duten lagunak 29 dira eta Gipuzkoan zehar banatzen dira: Aratz Erretegia (Donostia), Bodegón Joxe Mari (Orio), Botarri Jatetxea (Tolosa), Bera Bera Restaurante (Donostia), Casa Julián (Tolosa), Pasaleku Vera (Donostia), Felix Manso - Ibarla (Irun), Gaztelumendi-Antxon (Irun), Kattalin Erretegia (Beasain), Katxiña Erretegia (Orio), Kostalde Jatetxea (Donostia), Hotel de Londres, La Brasserie (Donostia), Laia Erretegia (Hondarribia), Landa Erretegia (Mendaro), Mesón Martin (Donostia), Erronka Taberna (Ordizia), Sansonategi (Hernani), Tripontzi Jatetxea (Hernani), Urgain Jatetxea (Deba), Xixario Erretegia (Orio), Ziaboga Jatetxea (Pasai Donibane), Txuleta Jatetxea (Donostia), Casa Nicolás Restautante (Tolosa), Txola Jatetxea (Donostia), Rafa Gorrotxategi (Tolosa), Arraunlari Berri Jatetxea (Hondarribia), Patxikuenea Erretegia (Lezo), Martinez Jatetxea (Ordizia).

Jakitea Elkarteak antolatzen dituen ekitaldien artean ondorengoak aurkitzen dira: Euskal Herriko Parrileroen Txapelketa, Gipuzkoako Parrileroen Txapelketa eta Euskal Herriko Burruntzilarien Txapelketa. Bestalde baita Jakitea Festa, Jatorrizko Produktuen hilabetea eta Gastronomikan, Gipuzkoako jangela.

Horretaz gain Jakitea Elkartekoak hainbat feriatara, kanpora joaten dira gure sukaldariekin eta produktuekin, besteak beste Bordele (Frantzia), Wiesbaden (Alemania), Paris (Frantzia) edo Baiona (Lapurdi).

 

Fotos

Vídeos