Itsasoak ez zuen baimenik eman I. San Anton Bira Zeharkaldia egiteko

Gaztetapetik Malkorbera. Igerilarien irteera eta Malkorbera joan ziren unea. /  AMAXKAR
Gaztetapetik Malkorbera. Igerilarien irteera eta Malkorbera joan ziren unea. / AMAXKAR

Antolakuntzak segurtasuna bermatzeko Malkorbetik irten eta bertaratzea erabaki zuen

JUAN MARI ZUBIAURREGETARIA.

Itsas zeharkaldi batek beti izango du aurrera eraman ahal izateko itsasoaren baimena eta igandean Getaitri Triatloi Klubak eta Zarautz Balea Igeriketa Kirol Elkarteak, I. San Anton Bira Zeharkaldia antolatu zutenak, ez zuten izan proba egiteko aukerarik.

Aste osoan itsasoa bare egon zen eta zeharkaldia prest zegoen kirol saio bikain bat eskaintzeko baina igande goizean haizea izan zen protagonista eta Gaztetapetik ateratzeko arazoak egon zitekeela ikusi zuten antolatzaileek. Ordu erdi a-tzeratu zuten irteteko unea baina egoerak ez zuen onera egin eta Gurutze Gorriarekin batera zeharkaldia bertan behera uztea erabaki zen.

Igerilarien artean iritzi kontrajarriak zeuden baina erabaki zuzena izan zen, olatuen aurka 360 igerilari botatzea ez zen erabaki onena eta igerilariek gainera ordezko proba bat egiteko aukera izango zuten.

Horretarako Malkorbe hondartza aurrean buia batzuk jarri eta ibilbide alternatibo bat eraiki zuten eta kirolariek izan zuten igerian egiteko aukera, arriskuak erabat baztertuta.

360 igerilari

Ez zen igeriketa proba berdina baina bertaratu ziren igerilariak, 360 irteera puntuan, igeri egitera etorri ziren Malkorbera eta ordubete beranduago bazen ere denak uretarako bidea hartu zuten.

Helmugan bizkorrena gizonezkoetan Nikolas Illarramendi zarauztarra izan zen baina lehia estua izan zuen Luis Goñi eta Xabier Gordoarekin, elkarrekin uretatik atera eta korrika nagusitu baitzen. Emakumezkoetan onena Ana Vega donostiarra izan zen. Getariarren artean Manuel Aranguren eta Mila Aranguren izan ziren bizkorrenak baina partaidetza ere azpimarratzekoa izan zen, 40 getariar uretan.