Itsas ertzeko euskal doinuen diskoa salgai

Jose Angel Zaldua, Floren Iribar, Lourdes Salsamendi eta Nika Lertxundi diskoarekin. /  AMAXKAR
Jose Angel Zaldua, Floren Iribar, Lourdes Salsamendi eta Nika Lertxundi diskoarekin. / AMAXKAR

Turismo bulegoan edo udal liburutegian 10 eurotan erosi daiteke Getaria eta Orioko abeslariekin osatutako disko berria

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

'Biga. Itsas ertzeko euskal doinuak' diskoaren aleak salgai jarri dituzte dagoeneko Turismo Bulegoan eta Udal Liburutegian, hamar euroren truke.

Disko berri honen aurkezpena Getariako udaletxean egin zuten Nika Lertxundi alkateak, Floren Iribar zinegotziak, eta Jose Angel Zaldua eta Lourdes Salsamendi Orioko alkate eta Kultura eta Turismo zinegotziak.

Getaria eta Orioko abesbatzek hartu dute parte disko horretan, eta beraiekin baita ere Pasaiako eta Hondarribiko musikariek. Agerraldian gogoratu zuten garai batean kalean kantuan ibiltzeko ohitura handia zegoela, bereziki itsas ertzeko herrietan eta ohitura hari eutsi eta abestiak berreskuratu eta mantentzea da diskoaren helburuetako bat. Opari ederra izan daiteke Gabonetako Olentzero edo Erregeetan musika maite duten guztientzat.

Diskoarekin batera ikus-entzunezko bat etortzen da. Herri bakoitzeko bi ordezkarik grabatutako solasaldiak aurki daitezke bertan. Getariatik Jazinto Isastik eta Floren Iribarrek kontatu dituzte itsasoarekin lotutako hainbat kontu. Grabaketetako irudiekin osatu dute bideoa.

'Biga' izenburua daraman proiektu honek aurrekari bat izan zuen bere garaian eta orain jarraipena etorri da, Axular Arizmendi soinu teknikari eta produktorearen eskutik. Herriko bi abesbatzak hiru kanta grabatzeko batu ziren urrian Iturzaeta herri eskolako aretoan, Salbatore Abesbatza eta Elkano Abesbatza. Haiekin batera Juan Sebastian Elkano Musika Eskolako 10 haur ere kantuan izan ziren. Gora Elkano, Getaria eta hiruzpalau kantaz osatutako popurri bat grabatu zituzten eta orain entzuteko garaia heldu da.