Iribar eta Txoko Floren Memorialeko bi lehen postutan kokatu dira

Futbito frontoian. Partida borrokatuak jokatzen dira. / AMAXKAR
Futbito frontoian. Partida borrokatuak jokatzen dira. / AMAXKAR

Futbito txapelketak hiru asteko atsedena hartu du eta maiatzeko bigarren asteburuan itzuliko da

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

IX. Floren Memoriala futbito txapelketak atseden gune bat izango du aste hauetan, kontutan izanik Aste Santua eta Pazko Astean murgildurik gaudela, hurrengo jardunaldia, zortzigarrena, maiatzak 10 eta 12an lehiatuko da.

Zazpi jardunaldi jokatu direnean, bi talde ditugu sailkapeneko buruan, Iribar eta Txoko, baina oso hurbil dituzte beste bi talde, Giroa eta Haitze, puntu bakar batetara. Laukote sendoa osatzen dute aurtengo futbito txapelketan eta garaipena lortzeko borrokan une honetan faborito nagusiak dira noski.

Azken jardunaldia

Floren Memorialeko azken jardunaldia zazpigarrena izan zen eta bertako emaitzak ondorengoak izan dira; Izarri 2 - Astillero 13, Iribar 6 - Elkano 4, Xagu 5 - Kaia/Kaipe 8, Giroa 1 - Txoko 5 eta Balearri 6 - Haitze 5. Jardunaldiko partida interesgarriena Giroa eta Txokoren artekoa izan zen. Sailkapeneko buruan dauden bi talde izan da, euren arteko norgehiagokak garrantzi berezia hartzen dute eta oraingoan Txoko erraz nagusitu zen. Haitze eta Balearri taldeen arteko partidak ere interesa zuen eta bigarrenak irabazi ondoren goialdeko lau taldeen atzean kokatzen da, hutsegite bat dagoenerako zain.

Sailkapenean 16 punturekin Iribar eta Txoko daude. Ondoren 15 punturekin beste bi talde, Giroa eta Haitze. Bosgarren tokira igo da Balearri eta 13 puntu batzen ditu une honetan. Astillerok 10 puntu ditu seigarren tokian. Ondoren sailkapenak binakako berdinketak agertzen ditu, Xagu eta Kaia/Kaipek bederatzina puntu lortu dituzte eta sailkapeneko azken bi tokietan Elkano eta Izarri daude punturik oraindik lortu gabe.

8. jardunaldian partida hauek jokatuko dira; maiatzak 10, ostiralean, Elkano - Izarri (21:00), Xagu - Txoko (22:00) eta Kaia/Kaipe - Balearri (23:00). Maiatzak 12 igandean, Haitze - Giroa (11:00) eta Astillero - Iribar (12:00).