Ilustrazioa eta moda, erakusketa berri baten protagonistak Museoan

Hiroshi Tanabe. Ilustratzailea bere lanaren aurrean. / AMAXKAR
Hiroshi Tanabe. Ilustratzailea bere lanaren aurrean. / AMAXKAR

Atzo aurkeztu zuten Balenciaga Museoan Finaestampa erakusketa

JUAN MARI ZUBIAURREGETARIA.

Cristóbal Balenciaga Museoak harrera egin zion atzo Finestampa erakusketari. Madrilgo ABC Museoaren proiektua da, eta, La Caixa Gizarte Ekintzaren lankidetzari esker, Getariara ekarri dute orain. Erakusketak nazioarteko 22 artistaren lana jaso du, eta artista horiek modaren sormen-ikuspegia erakutsi dute, ilustrazioaren bitartez. Gainera, erakusketak gaur egungo erreferentziazko 150 obra original biltzen ditu.

Erakusketak une jakin bat sintetizatzen du, alegia, XXI. mendeko bigarren hamarkadaren amaierako moda-ilustrazioari dagokiona, gaur egungo lan, estetika eta tekniken bitartez.

Hastapenetatik gizartearen islatzat hartu den diziplina baten orainaldiaren erradiografia da, eta gizarte hori osatzen duten pertsonek bezainbeste sentsibilitate eta ñabardura ditu.

Goi-mailako joskintzako maisu Cristóbal Balenciagak (Getaria, Gipuzkoa, 1895 - Xàbia, Alacant, 1972) hainbat ilustratzailek osatutako belaunaldi oso bat inspiratu zuen, bere sormen-lanei esker. A.T.C. (Ángeles Torner Cervera), Federico Correa, Coti (Lucrecia Feduchi) eta beste askoren lanetan ikus daitezke bere mozketa eta bolumen bereizgarriak. Marrazki horiek artisten estudioak utzi, eta garai hartako aldizkarietako modari, kulturari eta bidaiei buruzko ataletara joan ziren. Balenciaga irudi aldarrikatzailea ospetsu bilakatu zen aldizkari horietako orrialdeetan.

Garai hartako ABC bildumaren jatorrizko ilustrazioek ongietorria egingo diote orain artista berrien lanari, hau da, moda-ilustrazioaren urrezko bigarren aldi honetako maisuen lanari. Aurkezpenean nazioarteko lau ilustratzaile egon ziren, erakusketan lanal dituztenak denak, eta oso pozik azaldu ziren Getariara etorri ondoren.