Ikastola eta Zaragueta bat euskararen aldeko mezuarekin

Euskara eguna. Atzo goizeko pregoia Ikastolan eta, era berean, kantu-dantza saioa Zaragueta eskolan./
Euskara eguna. Atzo goizeko pregoia Ikastolan eta, era berean, kantu-dantza saioa Zaragueta eskolan.

Garbi daukate urte osoan egin behar dela euskaraz, eta euskaraz mintzatuz jarraituko dutela

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ORIO.

Herriko bi ikastetxeek Euskararen Eguna ospatu zuten atzokoan. Esaterako, Ikastolan, Argitxo (ahobizi) eta Xalto igelak (belarriprest) Euskaren eguneko pregoia irakurri zuten goizetik, eguneko egitarau oparoari hasiera emanaz, izan ere era guztietako ekimenak izan genituen atzokoan. Argitxok ahobizi bezala eta Xalto igelak belarriprest gisa, ikasleei eta gurasoei euskara erabili behar dugula adierazi die. «Euskaraldia 11 egunetik 365 egunera egin behar dugu guztion artean», zioten pregoian.

Bestalde, Orioko Zaragueta Herri Eskolak ere, azaroaren 23an hasi zen Euskaraldiarekin bat egin ondoren, Euskararen eguna ospatu zuen atzokoan. Goizetik hasi ziren festan, eta 'tinko eta brinko euskaraz' lelopean ekintza desberdinak eman zituzten aurrera. Horma-irudia, txapak, kantu-saioa, dantza...'Parrandan' pasa zuten goiza. Arratsaldean berriz, Haur Hezkuntzan gurasoekin jolasak burutu ziren. Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan aldiz, pelikula ikusi zutelarik. «Euskararen eguna ospatzen ari gara, eta Euskaraldia amaitzear dagoen honetan, Zaragueta Herri Eskolan tinko eta brinko euskaraz jarraituko dugu», zioten atzokoan eskolatik.

Adierazi, Euskaraldiak oso harrera ona izan duela Orion, eta 1.400 lagunetik gora eman dutela izena, gehienak ahobizi bezala. Aian ere, 200 lagunetik gora izan dira izena emandakoak, eta asteburuan ekimen desberdinak burutu dira Euskaraldiaren barne.

 

Fotos

Vídeos