Igandean ospatuko da XIII. Akuako mendi proba

Aurten ere haurrek izango dute korri eta salto egiteko aukerarik. / ARRIZABALAGA
Aurten ere haurrek izango dute korri eta salto egiteko aukerarik. / ARRIZABALAGA

Korrika proba 10:30etan hasiko da eta segidan IV. Akuatxikia gaztetxoen proba eta XI. asto karrera izango dira

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

Zestoako festak pasa ostean horra hor Akua bailarako kirol festa. Betiko legez helduen mendi lasterketa proba (7.800 metrotakoa), 'Akuatxikia' izeneko gaztetxoen korrika proba eta asto lasterketak izango dira ikusgai, bertan biltzen den ikusle andanaren gozamenerako.

  Mendi lasterketa proba izango da lehenengo, eta sariak bertako produktuez osatuta egongo dira, (arkumeak, txuletak, gazta, oilaskoak, abar). Mendi proba hau goizeko 10:30etan hasiko da eta bertan parte hartzeko izen ematea irekita egongo da irailaren 16 arte (gehienez 150 korrikalari). Izena www.herrikrosa.eus web orrian eta Zestoako kiroldegian eman daiteke. Dagoenekoz 100 lagun inguruk eman dute izena.   Korrikalarien parte hartzea dohain izango da aurten ere, izena ematerakoan ordaintzen diren 5€ proba egunean itzuli egiten baitzaie korrikalariei. Lasterketa ostean korrikalari guztiei kamiseta bat oparituko zaie, dutxak izango dira behar dutenentzat, hamaiketako eder bat ere jateko aukaera izango dute (hauek jan ostean ikusleentzat ere izango da hamaiketakoa), eta trikitilari eta txistulariak ere handik ibiliko dira, giroa alaitzen.

Aurreko hiru urteetan bezala, aurten ere gaztetxoek izango dute saltoka egiteko aukera. Hauek asto lasterketarako prestatuko den zirkuituari buelta bat eman beharko diote, jarraian goxoki poltsatxoa jasoko dutelarik. Aurrez ez dute izenik eman beharko.

Algara pilla

Eta nola ez, egun honetan ikuskizun aparta eta algara pilla sortzen duen asto lasterketa ere ospatuko da aurten ere. Bertan auzotarrek eta hauen astoek hartuko dute parte, Asto Zirkuituari bi itzuli emango dizkiotelarik.

Akoa-Aizarna errepidea itxita

Beraz, korrika festa honen inguruan biltzen den jendetzaren segurtasuna dela medio, Akoa eta Aizarna arteko autoen errepidea itxita egongo da igande goizean, 9:30ak eta 14:00ak bitartean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos