Igande honetan, XI. Baxurde Krossa distantzia bakarrarekin

Goizeko 10.30ean hasiko da aurtengo Baxurde krossa. / ARANBERRI
Goizeko 10.30ean hasiko da aurtengo Baxurde krossa. / ARANBERRI

10,75 kilometroko ibilbidea izango du, guztia asfalto, hormigoi edo hartxintxarreko bideetan

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Hilaren 16an Herri Krossa izango da Usurbilen. 2008an hasitako bideari jarraituz azken urteetan harrera ona izaten duten kirol ekimen horietako bat izango da herrian, XI. Baxurde Krossa ospatuko baita herriko kaleetan zehar. Baxurde Txiki Triatloi Taldeak hamaikagarren aldiz antolatu du lasterketa hau eta lasterkariek korrika egiteko aukera paregabea izango dute 10:30ean hasita.

Aurtengo edizioa aldaketekin dator. Aurreko urteetan ere, iaz bezala, bi distantzia desberdin egiteko aukera izaten zen, ibilbide laburra eta luzea, baina aurtengo edizioan distantzia bakarra izango da, 10,75 kilometrokoa hain zuzen ere, guztia asfalto, hormigoi edo hartxintxarreko bideetan.

Izena emateko orduan ere aldaketa nabarmen bat dago. Aurreko urteetan bertan parte hartu nahi duten guztiek www.kirolprobak.com web orrialdean egin behar zuten inskripzioa, baina oraingo honetan helbide berri batean egin beharko dira, https://www.rockthesport.com/eu/ekitaldia/xibaxurdekrossa helbidean. Hilaren 15ean amaituko da aurrez izena emateko epea. Oiardo kiroldegian ere izena eman ahal izango da aldez aurretik irailaren 15a bitartean. Inskripzioa 12 eurokoa izango da. Dortsala eta txipa lasterketa egunean bertan banatuko dira frontoian, Mikel Laboa plazaren ondoan, goizeko 09:00etatik aurrera.

Zerbitzuei dagokionez, partaide guztientzat asegurua izango da eta bide erdian edateko ura egoteaz gain, amaieran hamaiketakoa izango dute parte hartzaileek indarrak berritzeko. Dutxatu nahi dutenek, berriz, Oiardo kiroldegian izango dute horretarako aukera. Arropa uzteko leku bat izango da lasterketaren irteeratik gertu, frontoian, Mikel Laboa plazaren ondoan.

Sariak ere ugariak izango dira. Parte hartzaile guztientzat oparia izango dira alde batetik. Bestalde, garaikurrak jasoko dituzte ibilbide luzean lehen 3 sailkatuek, bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan.

Zozketak

Horrez gain, zozketa desberdinak egingo dira. Arrospide kutixi Otarra, Patrin bazkaria 2 lagunentzat, Kentuenen bazkaria 2 lagunentzat, Artzabalen bazkaria 2 lagunentzat, Laukoteko 2 tarta, Marisco Bruñoko marisko otarra, Marijen erropa erosteko 50 euroko bi bale, Aizpuruako maleta eta kirolari profesionalek sinaturiko arropa.

Beste berrikuntza umeen krossean dator, bi lasterketa desberdin izango baitira. Eskola kirolaren legea dela eta, lasterketan eskualdeko edo aldameneko eskualdeko umeek parte hartu ahalko dute besterik ez (Donostialdea, Tolosaldea, Azpeitialdea eta Irunaldeakoak) eta lasterketak ez dira lehiakorrak izango. Eguerdiko 12:00etan irteera bateratu bat egingo da benjamin (2009/2010) (8-9 urte) eta alebin (2007/2008) (10-11 urte) kategoriko umeentzat eta 600 metroko zirkuitu bati bira bat emango diote, lehen erdia antolakuntzagatik bideratua izanez eta bigarren erdia beraien erritmora joaten utziko zaie, beti antolakuntzaren begiradapean. 12:10etan, berriz, Infantil (2005/2006) (12-13 urte) eta kadete (2003/2004) (14-15 urte) kategoriko umeentzat irteera bateratu bat egingo da eta 1000 metroko zirkuitu bati bira bat emango diote eta beraien erritmora joaten utziko zaie hasieratik, beti antolakuntzaren begiradapean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos