Hurrengo astean emitituko dira herrian grabaturiko 'Karabana' saioak

GORRITIBEREAMUTRIKU.

Joan zen ostiralean grabatu zituzten azkenik Mutriku herriari eskainitako 'Karabana' saioak. Arratsalde osoa hartu zuten langintza horretarako eta azkenik bi saio aterako omen dira; hurrengo astelehenean eta asteartean, gaueko 21:20etik aurrera ETB-1 katean eskainiko direnak.

Sukaldaritza ardatz hartuta, hainbat herritar dira parte hartuko dutenak, baita Gure Ametsa dantza taldeko neska nagusienak ere, hauen dantza baten bitartez amaitu baizen Zigor Iturrieta eta Itxaso Gonzalezek aurkeztutako bi saioak. Jende ugari batu zen moilako Zabaleran elkarrizketak, sukaldaritza saioa eta dantzak jarraitzeko.

Bestalde aipatu behar da, joan zen abuztuaren 10ean, Korrontzi taldearekin batera izan zuten arrakastaren ondotik, Gure Ametsa dantza taldeko neskek, abenduaren 23an, Bilbon, gauzatuko den jaialdi erraldoi batetan parte hartzeko gonbitea jaso dutela.

Azkenik azpimarratu, gaur gaueko 22:00etatik aurrera, Udako Zinea saioko hirugarren filma proiektatuko dela Zabiel plazan.

Bandaren arrakasta

Sarritan aipatu izan dugu Mutrikuko Musika Bandak Ondarroan lortzen duen arrakasta, baina aurtengoa berebizikoa izan da; eta horren lekuko bukaeran jaso zuten zenbait minututako txalo zaparrada.

Itsasaurreko karpa erabat beteta, kontzertua gorantza joan zen, baina bereziki lehertu zen Jon Lekube zuzendariak Ondarroako lau kanta zaharren bilduma eginez prestatu eta eskaini zuten azken piezarekin. 'Gure Ondarru', 'Hamar Mariñel', 'Amets' eta 'Boga Boga' dira kanta herrikoi horiek eta bai kantatu ere entzule ondarrutarrek; irrintzi, malko eta txalo artean.

Aipatu gainera, Andra Mari egunean ohitura bilakatu den jaialdian, 25 musikari zirela, Musika Banda osoan 40 bat direnean. Hurrengo saioak, Galbaixuetan, Santa Zezilia eta Gabonetan izango dituzte.

102 urte Maria Luisak

Erraz esan arren, nekez betetzen dira urteak, baina 102 urtebetetzeak badu berebiziko garrantzia. Atzo, bete zituen urte horiek Maria Luisa Uriarte farmazialariak, eta ohi den bezala, herritarrek gogoratu zituen berarekin bere zorionak ospatuz. Ez dira egun guztietan 102 urte betetzen-eta.