Hotz handiarekin iritsi ziren Errege Magoak

Jendetza bildu zen frontoian. Umeek Erregeekin hitz egiteko aukera izan zuten /  ARGAZKIAK: ARANBERRI
Jendetza bildu zen frontoian. Umeek Erregeekin hitz egiteko aukera izan zuten / ARGAZKIAK: ARANBERRI

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Errege Magoak atzo iritsi ziren Usurbila, urteroko hitzordua betez. Ume askoren ilusioa bete zen beste urte batez eta herrian ere hiru erregeak ikusi eta beraiekin egoteko aukera izan zuten Usurbilgo haurrek. Azken egunetan bezala giro hotza izan zen atzo arratsalde gau partean eta erregeak ezezik, herriko haurrak ere ondo jantzita irten behar izan zuten kalera.

Beste behin ere, San Esteban ermita ingurutik etorri ziren Usurbil aldera Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Zaldi gainean herriko auzo desberdinetako bideetan ibili ziren, hainbat ume atzetik zituztela eta milaka karamelo banatuaz. Izan ere, bart gauean etxeetan opariak uzten ibiliko baziren ere, atzo arratsaldean goxokiak banatu zituzten kabalgata ikustera gerturatu zirenen artean. Herriko pilotalekuan herritar ugari zituzten han zain, ume, gaztetxo, gazte, guraso eta aiton-amonak... Guztiak frontoian bildu ziren Errege Magoak bertan zegoen Jaiotzara nola hurbiltzen ziren ikustera. Izan ere, Jesus haurtxoa agurtzera joan ziren eta bertan bildutakoentzat ere hitz batzuk izan zituzten.

Ondoren, oholtzatik jaitsi eta eserleku dotoreetan eseri ziren, herriko haurrekin lasai-lasai egon asmoz. Meltxor, Gaspar eta Baltasar haurrekin hizketan egon ziren hauen gozamenerako. Bien bitartean, laguntzaileek milaka goxoki banatu zituzten. Negarrez batzuk, irribarrez besteak... modu desberdinetara hartu zituzten.

Goizean, hiru Errege Magoen karteroaren bisita izan zen Usurbilen. Herriko haurrek beraien oparien zerrendarekin eskutitza emateko aukera izan zuten urtero bezala. Eta ez hori bakarrik, hauen kontu txikiak ere entzun zituen hauek magalean zituen bitartean. Ekarri ote dituzte erregeek eskatutako opari denak?