Hondakin organikoen edukiontziak ikustatuko ditu Udal Elkarteak

Ondo sailkatu. Edukiontzi organikoetan akatsak daude. /  AMAXKAR
Ondo sailkatu. Edukiontzi organikoetan akatsak daude. / AMAXKAR

Organikoak ez diren material ugari agertzen denez, azaroa eta abenduan ikuskatuko dira edukiontziak

GETARIA.

Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak gogoratu duenez prentsaurrean, «hondakinak biltzeko zerbitzu berria jarri genuen martxan joan den otsailean. Hilabete batzuk joan dira eta bilakaera ona izan da. Une honetan hondakin guztien %70 ondo sailkatuta jasotzen da. Hondakin organikoei dagokionez, igoera handia izan da, izan ere, 2017ko datuekin alderatuta, %120 gehiago jasotzen ari gara. Datu orokorrak onak izan arren, bada zer hobetu».

Sistema berria ezarri eta urte erdi baino gehiago pasa den honetan, urrats kualitatibo bat emateko garaia da. Sistema martxan jarriz geroztik, Udal Elkartetik hainbat hobekuntza bideratu ditu; gutxieneko helburuez haratago, sailkatuta ahalik eta hondakin gehien jasotzeko.

Alabaina, hondakin organikoen edukiontzietan organikoak ez diren material ugari agertu dira azkenaldian. Hau da, «azken ikuskapenek erakutsi dutenez, organikoaren edukiontzietan jasotzen ari garen hondakinaren kalitatea ez da nahi bezain ona» adierazi du Iturainek.

Sistemaren hastapenetatik herritarrek erakutsi duten jarrera ezin hobea izan bada ere, berriz ere dei egin nahi zaie herritar guztiei arduraz eta ingurumenarekiko begirunez joka dezaten. Iraunkortasunaren bidetik emaitzak hobetu nahi badira, herritar guztien ahalegina baita beharrezkoa.

Honen aurrean, Udal Elkartea ikuskatze lanak indartzen hasi da eta, dagoeneko, 20 erabiltzaileri (merkatari, ostalari edo zerbitzuak) ohartarazpenak egin dizkie. Ildo beretik, Udal Elkarteak eta udalek hondakin organikoen edukiontzien erabilpena ikuskatzeko kanpaina bat burutuko dugu azaroaren 5etik abenduaren 21era.

Udal Elkarteko hezitzaileek bost herrietako hondakin organikoen edukiontzi guztiak ikuskatuko dituzte, banan-banan. Auzo eta eremu bakoitzean honakoa egingo dute; Etxe atari edo portaletan Udal Elkarteko lehendakariaren (eta udaleko alkatearen) idatzia jarriko da, ikuskatze lanak egingo direla adierazten duena. 4-5 egunetan biohondakinen edukiontzietako hondakinen ikuskapen-lanak egingo dira: Jakiteko auzo horretako erabiltzaileak zer uzten ari diren eta aztertzeko kanpoan poltsarik ba ote dagoen edo ez. Bide batez, hezitzaileek gomendioak emango dizkiete erabiltzaileei eta behar den kasuetan, ohartarazpenak egin ere bai. Eremuko sortzaile bereziei bisitak egingo zaizkie. Ikuskatze lanen azken egunean biohondakinen edukiontzietan pegatina bat jarriko da adieraziz edukiontziaren erabilera zuzena den ala ez. Kanpaina egin eta handik hilabete batera berriro ere ikuskapen-lanak egingo dira auzo edo eremu berean, egoera zertan den ikusteko.

Udal Elkarteak lanean dihardu %80ko bilketa maila erreferentzia gisa hartuta. Testuinguru horretan ulertu bitez, azaro eta abenduan zehar hondakin organikoen edukiontziak ikuskatzeko lanak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos