Historiaurrea Zestoara ekarriko dute

Historiaurrea Zestoara ekarriko dute

Ekainfest jaiak 'Bizi Historiaurrearen xarma' lelopean, festa egun antolatu du hilaren 23rako: ikuskizunak, herri afaria, San Joan sua...

Duela 14.000 urte gure arbasoak nola bizi ziren irudikatzeko aitzakia paregabea eskainiko du IX. Ekainfest jaiak. Sua nola egiten zuten, zein ehizarako teknikak erabiltzen zituzten, orduko janzkera eta artea bertatik bertara ikusteko parada izango dute bisitariek. Historiaurrea bertatik bertara Zestoan 'Bizi Historiaurrearen xarma' lelopean, festa egun bikainaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek larunbatean, hilak 23.

2008an Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zuen Ekaingo koba, eta handik bi urtera jarri zen martxan, lehen aldiz, Ekainfest ekimena (Ekaindarren eguna, hasiera batean). Bi helburu nagusi zituen: alde batetik, Zestoako ondare historiko eta kulturala (batez ere historiaurrea eta Ekain) ezagutzera ematea eta herri gunera erakartzea. Eta, bestetik, herriko elkarte eta herritarren parte-hartzea sustatzea, antolatzen diren kultur eta herri ekimenetan.

Urtetik urtera indarra hartzen joan da eguna eta sustatzaileak ere ugalduz joan dira: Ekainberri, Sastarrain Baserri Eskola, Zestoako Udala, Zestoan merkatari elkartea, tabernariak, Zestoako Bainuetxea…

Aurtengo ediziora iritsi arte hainbat aldaketa bizi izan ditu egunaren egituratzeak. Egitarau zabala eta osoa dute oraingoan ere. Prestatu dute, adibidez, 'Tren txu-txu'a bailaratik ibiltzeko. Herriko plazan izango du irteera eta Ekaingo kobaraino joango da. Egun osoan doako zerbitzua izango du.

'Txapela buruan eta dantza munduan' ikuskizuna ere izango da herriko plazan arratsaldeko 18:30etan, eta Ekainberriko V. Historiaurreko Olinpiadak egingo dituzte Ekainberrin arratsaldeko 16:00etan. Azkenik, herri afaria eta txistulariek eta dantzariek alaitutako San Joan sua egingo dituzte.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos