Borrar
Kanpainaren aurkezpenean alkatea eta Hurbilagoko ordezkaria.

Herri-merkataritzak herri-bizitzari egiten dio ekarpena eta bizitasuna

JOSU ARANBERRI

USURBIL.

Asteazkena, 26 iraila 2018, 00:36

Comenta

Oihal beltzez esnatu ziren herriko establezimenduetako erakus-leihoak duela egun batzuk . Hain justu, hurrengo egunean aurkeztu zuten kanpaina Beterri eta Buruntzaldeko merkatarien elkarteek eta alboan izan zituzten Andoain, Hernani, Astigarraga eta Usurbilgo alkateak. Helburua argia: merkataritzaren egoera kezkagarriaz herritarrak eta erakundeak ohartaraztea. Asmo horretan indarrak batu eta kanpaina honekin bat egin dute eskualdeko bost herrik: Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Usurbilek. Bakoitza bere modura, baina erantzuna eta parte-hartzea izugarri handia izan da: establezimenduen % 75etik gora ari da parte hartzen. Usurbilen, are handiagoa da parte-hartzea: 52 guztira, era guztietakoak, gainera. Denden kasuan, % 90tik gora.

Andoain, Astigarraga eta Usurbilgo udalerrietan, merkatariek belztu egin zituzten euren erakus-leihoak, herri-merkataritzarik gabeko herriak tristeak eta hilak liratekeela irudikatzeko. Igandera arte iraun zuen sentsibilizazio-kanpaina horrek. Juanjo Allur Siadecoko koordinatzailea eta eskualdeko merkataritza-mahaiaren koordinatzaileak nabarmendu zuenez, ez da irudi gozoa, atsegina, inorentzat. Ez herritarrentzat ez dendarientzat. Paisaia gogorra da. «Dendariak ez du bere erakus-leihoa belztuta eduki nahi. Ez da erabaki erraza». Baina, egoera zaila bizi dutela eta etorkizuna beltz dutela ohartarazteko egin dutela nabarmendu zuen.

Merkataritza-gune handien zabalkundeak eta merkataritza elektronikoaren eraginak sektorea asko kaltetu du, eta salmentak asko jaitsi dira. «Herritarrak libre dira erosketak nonahi egiteko, baina herrian bertan erostea aukera bat da. Ez da aukera txarrena, baizik eta aukera hoberena da, gertuena delako». Eta, hain zuzen, horretaz sentsibilizatu nahi dituzte herritarrak. Oihal beltzarekin batera, honako esaldiak itsatsi zituzten: Zer nolako herria nahi duzu?, Ez dakigu zer daukagun galtzen dugun arte, Herrian erosteak handi egiten zaitu. «Herri-merkataritza desagertuko balitz, herriek zer-nolako galera izango luketen jabetu behar dugu», azpimarratu zuen. Xabier Arregi Usurbilgo alkateak hari horri tiraka gehitu zuen galera horrek ez liokeela soilik merkataritzari eragingo, herri-bizitzari baizik, eta, horrenbestez, guztion ardura badela. Jon Zulueta Andoaingo zinegotzia antzera mintzatu zen. Haren esanetan, herri-merkataritzak izugarrizko garrantzia du herri baten garapenean, bai garapen ekonomikoan, bai sozialean, bai kulturalean. Horregatik, kanpaina honek hausnarketarako deia egiten duela zioen eta guztioi interpelatzen gaituela: herritarroi, erakundeoi eta merkatariei eurei. «Erakundeok animo hitzak emateaz gainera, herri-merkataritza babesteko neurriak adostu eta martxan jarri behar ditugu, bai udalok, bai diputazioak, bai Eusko Jaurlaritzak».

Astelehenean, berriz, koloreak beltzaren lekua hartu zuen herriko herriko establezimenduetako erakus-leihoetan, herri-merkataritzak Usurbili ematen dion bizitasun eta alaitasunaren erakusgarri. «Usurbilgo herriari kolorea ematen diogu, desberdinak gara», edota «Usurbilen bizi eta erosi» bezalako mezuak irakurri daitezke erakus leihoetan, Azken finean, «herri bizia nahi dugu, eta ez hila eta iluna!» da aldarrikatzen dutena.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Herri-merkataritzak herri-bizitzari egiten dio ekarpena eta bizitasuna

Herri-merkataritzak herri-bizitzari egiten dio ekarpena eta bizitasuna