Herriko bideetan Korrika euskarari bultzada eman asmoz

Giro ezin hobean igaro zituen herriko kaleak Korrikak, Aginagatik Zubietara, 'Klika'  lelopean. /  ARGAZKIAK ARANBERRI
Giro ezin hobean igaro zituen herriko kaleak Korrikak, Aginagatik Zubietara, 'Klika' lelopean. / ARGAZKIAK ARANBERRI

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Atzo giro ezin hobea izan zen Aginagatik Zubietara bitartean. Bi urtetik behin izaten den euskararen aldeko lasterketa erraldoia izan zen herriko bideetan beste behin ere, eta eguraldiak lagun, herritarrek ez zuten hutsik egin. Korrikaren 21.edizioa zen aurtengoa eta ohikoa den bezala harrera beroa izan zuen Usurbilen. 14:30ak alderako jarrita zegoen hitzordua. Herriko leku desberdinetan kokatuta zeuden herritarrak ordu horretarako Korrika noiz iritsi zain. Aginagan, Mapilen hasi, Aginagan, kaxkoan, Santuenean, Zubietan... herrian bete beharreko kilometro puntuetan zeudenak asko ziren eta giro berezia izan zen Korrika bertara iritsi bitartean.

Atzerapen pixka batekin iritsi zen Aginaga aldera, eta herriko bideetan barrena abiadura bizi xamarrean batzutan, geldoxeago besteetan, haur, gaztetxo nahiz helduak euskarari bere bultzadatxoa ematera herriko bideetara irten ziren atzokoan.

'Klika' da Korrika 21aren lema nagusia, hori bai, ohikoa izaten den «Ika, ika, ika, hemen dator korrika» oihupean iritsi zen Korrika Aginagara. Han zain zeudenak eta aurretik zetozen beste hainbatekin batera Usurbil aldera jo zuten. Kaxkoan zain zeudenek txalo artean egin zioten ongietorria Korrikari eta Kalezar aldera jo zuen lasterketak berriz ere Kaxkora jaisteko. Handik Santuenean aldera jo zuen eta Zubietara joan ostean, hipodromoko zubian amaitu ziren herriko 11 kilometroa, orduan hartu baitzuten lasarte-oriarrek Korrikaren lekukoa.

Goizean ere festa giroa izan zen kaxkoan. Udarregi ikastolako ikasle eta irakasleek Korrika txikia burtu zuten. Leku desberdinetatik abiatuta herriko frontoian bildu ziren guztiak emanaldi nagusia burutu asmoz.