«Herriarentzat onak diren azpiegiturak bultzatzen jarraituko dugu» dio Bilduk

EH Bilduko udal ordezkariak hilerrian eraiki den beilatokian. / AMAXKAR
EH Bilduko udal ordezkariak hilerrian eraiki den beilatokian. / AMAXKAR

Udal Gobernuak EAJk beilatokiaren inguruan duen jarrera «ezkorra eta oztopatzailea» salatu du idatzi baten bitartez

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

EH Bilduk osatzen duen Udal Gobernuak idatzi bat kaleratu du azken aldian EAJ-PNV alderditik jaso dituzten salaketei erantzuna emanaz gutun baten bitartez. Garbi utzi dute «herriarentzat onak diren azpiegiturak bultzatzen jarraituko dutela».

«Udal Gobernutik EAJk beilatokiaren inguruan duen jarrera ezkorra eta oztopatzailea salatu nahi dugu» esanaz ekin diote. «Hasiera-hasieratik herritarrei zerbitzu berri bat eskaintzea izan da Udal Gobernuaren helburua. Azken bi legegin-tzaldi hauetan ahalegina egin dugu herritarren eguneroko bizitzarako funtsezkotzat jotzen ditugun hainbat azpiegitura berritzeko, hala nola, anbulatorioa, eguneko zentroa, haurreskola, liburutegia eta erretiratu eta pentsiodunen elkartea. Eta noski beilatokiaren proiektua bide horretan egindako beste urrats bat izan da guretzat hasieratik».

Atzera begira

Udal Gobernuak atzera begiratuta zera dio, «duela 7 urteko egoera ekonomiko kaskarrarekin ezinezkoa zen horrelako inbertsio bat egitea baina kudeaketa ekonomiko on baten ondorioz egingarri bihurtu dugu lehen ezinezko zena. Hala, hiru urteko lanketaren ondoren azaroaren 1ean zabaldu zituen ateak beilatokiak».

«Denbora tarte honetan EAJko udal taldeko kideek etengabe kritikatu eta oztopatu dute azpiegitura hau. Jarrera oztopatzaile horren adibide dira tasen eta zergen gaia modu partzial eta interesatuan erabiliz azken egunetan egin dituzten adierazpenak beste behin ere herritarren artean nahasmena eta zalaparta sortzeko helburuz egindakoak, hain zuzen» salatu dute.

«Adierazpen horien aurrean zenbait gai argitu nahi ditugu. Beilatokiaren erabilera-tasa inguruko herrien ia berbera da: 275 euro. Arratsalde ehorzketak egiteko kostua %50 igo da (113 euro goizez eta 170 euroarratsaldez) brigadako langileen lan-orduek ere kostu handiagoa eragiten baitiote Udalari, eta halere, ez da kostu osoa estaltzen. EAJk kritikatzen dituen gainerako % 2,1eko igoerek ez diote hilerriarekin loturiko tasei soilik eragiten, herriko ia tasa guztiei eragingo dien irizpidea izan da» argitu nahi izan dute.

Azalpen horiek emanda, «EAJri galdetzen diogu ea nork duen 'fijazioa' beilatokiarekin. Non ikusten dute Udalak 'negozioa' egiteko intentzioa? Ondoko herrietan zilegi dena zergatik ez dute ondo ikusten Getarian?».

Erantzukizun falta

Gutuna bukatzeko zera diote, «bestalde EAJ udal zergen eta tasen gaian izaten ari den jarrera kritikatu egin nahi dugu Udal Gobernutik. Gaia lantzeko egin zen Batzordera ez ziren azaldu ez eta Batzordean diktaminatutako irizpena onartzeko Osoko Bilkurara ere. Ez batean ez bestean ez zuten parte hartu. Proposamenen bidez inolako akordiotara heltzeko borondaterik ez dute erakutsi. Horren ordez prentsan datu interesatuak zabaltzen aritu dira. Jarrera onartezina, gure iritziz. Edozein kargu publikotan gaudenok ezinbestekoa dugu guk ordezka- tzen ditugun herritarrekiko errespetua, haiekiko konpromisoa dugu. Baina badirudi EAJri ez zaizkiola gehiegi axola berak ordezkatzen dituen herritarrak eta hori beraien erantzukizuna da».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos