Borrar
Eider Mendoza diputatu nagusia eta gainontzeko diputatuak, atzo goizean Aian, Jon Ander Azpiroz alkatearekin.
«Herri txikietako biztanleen ongizatearekin erabateko konpromisoa berresten dugu»

Aia

«Herri txikietako biztanleen ongizatearekin erabateko konpromisoa berresten dugu»

Aldundiko Diputatuen Kontseilua Aian elkartu zen atzo goizean datozen urteetako egitasmoen berri izateko

Martes, 18 de marzo 2025, 19:56

Herri txikietako biztanleen ongizatearekin «erabateko kon-promisoa» berretsi zuen Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, atzo goizean Aiako udaletxean egin zen Aldundiko Diputatuen Kontseiluan. Jon Ander Azpirozek, Aiako alkateak, plazan harrera egin eta, ondoren, diputatu nagusia buru zela, udaletxean bertan egin zuten bilkura foru diputatuek. Jarraian, azken urteotan herrian egindako hainbat proiektu ezagutu, eta datozen urteetara begira esku artean dituzten egitasmo nagusien berri izan zuten.

«Gipuzkoar guztien ongizate integrala bultzatzea da Foru Aldundiaren lehentasun nagusia, eta gipuzkoar guztiak aipatzen ditugunean, herri txikietako biztanleen ongizateari ere erreparatu nahi diogu, tartean Aiako biztanleenari», adierazi zuen diputatu nagusiak kontseilua egin ondoren.

Landa garapeneko laguntzak

Konpromisoarekiko lekuko, berriki Diputatuen Kontseiluak onartutako landa garapeneko dirulaguntza deialdi berriaren nondik norakoak azaldu zituen Mendozak. Programaren xedea da landa ingurunearen «garapen ekonomiko eta sozialerako beharrezkoak diren baldintzak sortzea». Norabide horretan, 800.000 euroko diru partida baten bitartez, bultzatuko diren proiektuak ondokoak izango dira: tokiko merkatuak eta banaketa zirkuitu laburrak sustatzeko inbertsioak; landa eremuan enplegua eta ekipamendu kolektiboak sortzeko proiektuak; makinak erostea; tokiko, eskualdeko edo lurraldeko eremuan proiektu berritzaileak, nekazaritza zerbitzuen digitalizazioa edo landa elektrifikazioa.

Esan zutenez, azken lau urteotako landa garapeneko deialdien bidez, Gipuzkoa osoan 121 proiektu babestu ditu Foru Aldundiak eta 3.785.498 euro banatu ditu guztira diru laguntzetan. Iazko deialdiaren bitartez, hain zuzen ere, Aiako Udalak herriko igerilekuko eremuaren berrantolaketa egin zuen, bertan taberna eta aldagelak jasotzen dituen eraikin berri bat eginez.

Gazteentzako etxebizitzak

«Aia, lurraldez oso handia den arren, txikia da biztanleriari dagokionez, udalerri bat da-eta. Landa eremu eder bat nahi badugu, herri biziak behar ditugu. Herri biziak izan daitezen, berriz, etxebizitzak, zerbitzu egokiak eta azpiegitura zainduak edukitzea ezinbestekoak dira. Horregatik, datozen urteetako udalaren erronkak bide hortatik doaz, gazteentzako etxebizitzak sustatzea, haien osasuna zaintzeko eta aisialdia herrian igarotzeko kirolgune berria eta erabili beharreko azpiegiturak hobetzen jarraitzea», nabarmendu zuen Jon Ander Azpirozek, Aiako alkateak.

Kontseilu ibiltaria

Kontseilua egin aurretik, Eider Mendozak eta Jon Ander Azpirozek lanean oinarritutako topaketa bat egin zuten, herriko desafioak eta proiektu nagusiak bertatik bertara ezagutzeko. «Herriaren proiektuak eta estrategiak ezagutzera eta gureak partekatzera» etorri gara Aiara, baita Udalak izan ditzakeen kezkak eta ekarpenak jasotzera ere, azaldu zuen Eider Mendoza diputatu nagusiak. «Gipuzkoa plazatik Gipuzkoa osoko plazetara zabalik lan egiten ari gara, ahalik eta herri, auzo, enpresa eta eragile gehienekin elkartzeko». Bide beretik jarraitzeko konpromisoa hartu zuen diputatu nagusiak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Herri txikietako biztanleen ongizatearekin erabateko konpromisoa berresten dugu»