Harritz Hitz bisita gidatua uztailaren 12an egingo da

Zumetaren murala, bisitaren beste parada bat. /  DV
Zumetaren murala, bisitaren beste parada bat. / DV

Herriko kultura ondareak ezagutzeko aukera emango du eta izena emateko epea zabalik dago

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Hilaren 12an izango den Harria Hitz bisita gidatuan parte hartu ahal izateko apuntatzeko epea zabalik dago jada. UEU-ren udako ikastaroen baitan egiten den Jakin Jardunaldiaren barruan eskainiko da bisita hau 18.00etatik aurrera eta azalpenak euskaraz emango dira.

1968ko udaberrian, mundu berri baten aldarria egin zen Parisen, Berlinen, Pragan zein Mexikon. Baita Euskal Herrian ere. Urte erabakigarriak izan ziren utopia kritiko eta eraikitzaileak pentsatu eta praktikan jartzeko. 50 urte geroago, zeri deitzen diogu utopia? Zein dira gurean indar hartzen ari diren utopia berriak? Nola berritu ditzakegu?

Gogoeta horiek guztiak «eta beste hainbat» mahaigaineratuko dituzte jardunaldiotan (UEU-ren lotura honetan topatuko duzue saio hauei buruzko informazio guztia), eta bisita gidatu honek, 60ko hamarkadara bidaia (eta gogoeta) proposatuko du uztailaren 12ko arratsalderako.

Euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da Usurbil, baita euskal sorkuntzarekin konprometitutako herria ere. Inon baino hobeto islatzen da 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultura-eztanda, eta baita eztanda horren ondorena ere. Harri Hitz ibilbideak, herrigunean ikus daitezkeen zenbait elementuren bitartez, Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu.

Horrez gain, TxTxTx Txokoaldeko Txalaparta Txokoa «Oreka TX taldeko txalapartariek Usurbilen entseatzeko eta erakustaldiak egiteko duten gunea» ezagutzeko aukera izango da.

Herriko pilotalekuan elkartuko dira 18.00etan eta lehendabizi herrigunean egingo da bisita gidatua: Dema Plaza, Udarregiren omenezko eskultura, Zumetaren murala, Mikel Laboa Plaza, Tapiaren murala, Askatasuna Plaza eta Sagardoaren Monumentua. Ondoren, 19.15ak aldera, TXTXTX Txokoaldeko Txalaparta Txokora bisita izango da.

Informazio gehiago eskuratu edo erreserbak egin daitezke telefonoz 688 818 017 edota e-mail bidezinfo@kultour.pro helbidean.

Bisita doakoa da baina aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da, gehienez 25 lagun onartuko direlarik.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos