Harriahitz.eus webgunea, Usurbilen ondare artistikoa lau haizeetara

Sara Etxebeste eta Agurtzane Solaberrieta atzoko aurkezpenean. / J,A,
Sara Etxebeste eta Agurtzane Solaberrieta atzoko aurkezpenean. / J,A,

Bost ataletan banatzen da: sarrera, ibilbidea, zure Usurbil, ostalaritza eta agenda

JOSU ARANBERRIUSURBIL.

Harriahitz.eus webgunea azto aurkeztu zuten udalak eta Ereiten Kultur Zerbitzuek. Usurbilgo ondare artistikoa ezagutzeko bisitei buruzko informazio guztia batu du Ereiten-ek webgune horretan, nahi duen orok modu errazean eskura dezan. «Usurbilek lotura estua du artearekin, eta herriko kaleak dira horren erakusgarririk onenak. Erdigunean pixka bat ibiltzea nahikoa da, urrutira joan beharrik gabe, zenbat artelan dauden jabetzeko: Usurbilgo kaleak herriak sormenarekin eta artearekin duen harremanaren isla zuzena dira», azaldu zuen Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak. «1960ko hamarkadako kultur eztandatik gaur egunera arteko obrak ditugu tartean», gaineratu zuen.

Ondare artistiko hori usurbildarren egunerokoaren parte da, herriaren paisaiaren parte: dema plaza, Udarregi bertsolariaren eskultura, Jose Luis Zumetaren murala, Mikel Laboa plaza eta haren omenezko Ikimilikiliklik eskultura, Artze anaiak, Alejandro Tapiaren murala, sagardoaren monumentua... «Usurbildarrentzat hain ohikoa den hori, ordea, euskal kulturan sakondu nahi duen edonorentzat ezezaguna izan daitekeelakoan hasi ginen Harria Hitz bisita gidatuak egiten», azaldu zuen Solaberrietak.

Horiek guztiek, Usurbilek artearekin duen lotura estua ez ezik, euskararekin eta euskal kulturarekin duten harremana agerian uzten dute: hala, arteaz ez ezik, euskaraz, kulturaz eta konpromisoaz hitz egiteko oinarria ematen dute.

Urte bukaera bitartean lau bisita izango dira; larunbatean Dzirt-Dzart saioa egingo da

Urriaren 26an, herriko bisitaz gain, tailer berezia egingo da Koldo Almandoz zinegilearekin

Lehenengo bisitatik, etengabe berritu da Harria Hitz: «Ibilbidea irisgarria izan dadin aplikazio bat sortu dugu telefonoetarako eta herriko beste kultur eragile batzuekin elkarlana abiatu dugu, Txokoaldeko Txalaparta Txokoarekin eta Zumeta arte estudioarekin», nabarmendu du Solaberrietak. Horri jarraiki, bisitei lotutako azken bi berrikuntzak aurkeztu zituzten prentsaurrean, hain zuzen: harriahitz.eus webgune berria, eta urte bukaerara bitarteko hitzorduak, formatu berriekin.

Webgunea bost ataletan banatzen da, Sara Etxebeste Ereiten Kultur Zerbitzuetako kideak azaldu zuenez: sarrera, ibilbidea, Zure Usurbil, ostalaritza eta agenda. Lehenengo bietan, Harria Hitz zer den, bisitan ezagutarazten diren puntu nagusiak zeintzuk diren eta herriko ondarea eta agenda ezagutzeko loturak aurkituko dituzte bisitariek.

Ostalaritzaren atalean, Usurbilgo jatetxe, ostatu eta tabernen informazioa batu dute: izan ere, Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako jende askok parte hartzen duenez bisitetan, bertan bazkaltzeko zein aukera dituen eskaintzea da horren helburua.

Etxebesteren esanetan, Zure Usurbil atala oso garrantzitsua da antolatzaileentzat: «Bisitara etortzen diren pertsonekin hartu-emana sortzeko balio digu: bisitariek euren argazkiak igotzeko aukera dute, baita iritzia eman eta ekarpenak egitekoa ere».

Azken atalean, agendan, egutegia kontsulta daiteke. Oraingoz, urte bukaerara bitartean, lau bisita izango dira: guztiak, desberdinak. Larunbat honetan izango da lehenengoa, larunbatean, eta urrian, azaroan eta abenduan saio bana egingo da. Larunbatean, Usurbilgo erdiguneko bisitaz gain, Dzirt-Dzart saioa egingo da, Donostiako Komikigunearekin elkarlanean. Idoia Torregarai aurkezle eta gai jartzaile arituko da Joseba Larratxe Josevisky eta Antton Olariaga marrazkilariekin.

Urriaren 26an, berriz, herriko bisitaz gain, tailer berezi bat egingo dute Koldo Almandoz zinemagilearekin, Argazpitituluak izenburupean.

Irati Otamendi eta Oreka TX

Azaroaren 23an, Irati Otamendi ikerlari eta arkitektoarekin egingo dute bisita. Urteko azkena abenduaren 14an izango da: herriko bisitaz gain, Txokoaldeko Txalaparta Txokoa eta Zumetaren arte estudioa ezagutuko dituzte bisitariek, Oreka TX taldeko Arkaitz Martinezen eta Usoa Zumeta artistaren eskutik, hurrenez hurren.

«Bisitak doan izan arren, izena eman behar da, eta webgunean dituzue gurekin harremanetan jartzeko telefonoa eta helbide elektronikoa», ohartarazi zuen Etxebestek.

Solaberrietak azaldu zuenez, Harria Hitz bisiten ezaugarriek bat egiten dute udalak defendatzen duen turismo ereduarekin. «Sarak esan bezala, jende asko etorri ohi da Euskal Herriko hainbat txokotatik. Beti dira, gainera, talde mugatuak, herritarren joan-etorrian traba izan ez daitezen. Azken finean, horiek erakusten dute Usurbilen defendatzen dugun turismo eredua: pausatua, gertukoa, euskalduna eta herritarrak errespetatzen dituena». Euskal kultura sakonago ezagutu nahi duten guztiak Usurbilgo bisitetan parte hartzera gonbidatuz amaitu zuen prentsaurrekoa Solaberrietak.