Golez betetako urte amaiera Anaitasunaren aurka Keta Babyautok Mendibeltzen

Golez betetako urte amaiera Anaitasunaren aurka Keta Babyautok Mendibeltzen

Futbol taldeak 5-1 irabazi zion Azkoitiko taldeari baina aretokoak galdu egin zuen ondo jokatu arren

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

2018ko azken jardunaldia jokatzen zuten Keta Babyautoko taldeek. Gorengoen mailako Iñaki Azpitarteren mutilek etxean, Mendibeltzen, Anaitasuna hartzen zuten. Azkoitiarrak sailkapeneko zuloan daude eta garaipena ezinbestekoa zen getariarrentzat. Baina ustekabean aurrea kanpoko taldeak hartu zuen.

Keta nagusi zen baina atzetik joateak beti gauzak nahi baino azkarrago egitera eramaten du jokalaria eta kosta zitzaien berdinketaren gola egitea. Kepa Arangurenek egin zuen eta minutu gutxi barru etorri zen Lazkanorena partida erabat aldatuz. Hortik aurrera jaun eta jabe izan ziren getariarrak lehen zatia amaitu bitartean.

Bigarrenaren hasieran Albizuk hirugarrena egin zuen eta gero etorriko ziren Iñigo Rodri eta Haritz Isastirenak, azken markagailua 5 eta 1ekoa izango zen. Lehen itzulia amaitu dute eta 9. tokian kokatuta daude. 2. Multzoko partida gehien berdindu dituena da, zortzi. Hori hobetzen badute gora egingo dute.

Aretoko futbol taldeak, bere aldetik, urtea agurtzeko ezin garaipen bat ospatu. Partida oso ona jokatu zuten Herrikide taldearen aurka baina golak etxeko taldeak jarri zituen nahiz getariarrek bi egitea lortu, Zuhaitz Ibarbia eta Igotz Irigoienen bitartez. Herrikidekoak gehiagotan asmatu zuten Gorka Martinezen atean eta azkenean 5 eta 2 bukatu zuten. Bederatzigarren tokian daude eta etxean jokatuko dute urtarrileko lehen asteburuan Orixe Tolosaldearen aurka.

 

Fotos

Vídeos