Gipuzkoako Senior Gizonezkoen 2. mailara igota, txapeldun atera da Keta Babyauto Sharks

Txapeldunak. Azken partidan nagusitu ziren eta alkateak oroigarri bat eman zion taldeari. /  SHARKS
Txapeldunak. Azken partidan nagusitu ziren eta alkateak oroigarri bat eman zion taldeari. / SHARKS

Igoera faseko azken partida etxean jokatu zuten eta Larramendi garaituta (68-36) ospakizuna etorri zen

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Lehen denboraldia du Keta Babyauto Sharks saskibaloi taldeak eta Gipuzkoako Gizonezkoen 3. mailan kokatuta hasi zuen liga. Helburu nagusia igoera lortzea zen eta urratsak sendo eman zituzten bide hori ondo jorratzeko.

Ligaren amaieran talde onena izan zen Keta Babyauto eta igoera fasean lau taldez osatutako multzo batean sartu zituzten, 2. mailara igotzeko bi txartel jokoan jarrita. Azken jardunaldia heldu aurretik txartel horietako baten jabea zen getariar saskibaloi taldeak eta denboraldia borobiltzeko azken partida etxean zuten, Sahatsagan, eta garaipenak txapeldun izatera eraman zituen.

Larramendiren aurka larunbatean jokatu zuten eta hasieratik mailako talde onena izan direla erakutsi nahian ibili ziren eta azken markagailuak ondo adierazten du getariarren menderapena, 68 eta 36 nagusitu bai ziren Larramendi taldeari txapeldun berriak.

Partidan parte hartu zuten jokalariak hauek izan ziren; Iker Lizarriturri (14), Gari Manterola Loidi (1), Andoni Esnal Goikoetxea (2), Joxean Del Rey (5), Jon Unzurrunzaga (8), Beñat Carretero Lizaso (4), Joseba Sagardia (12), Ander Esnal (8), Josu Agirreurreta Lizaso (6), Iosu Aranberri (2) eta Alex Zorita (6).

Partidaren amaieran denak pozik eta, txapeldun berriak zirenez, herritarren babesa ere jaso zuten. Kiroldegitik herriko kaleak zeharkatuz udaletxera joan ziren eta zaleen txaloak jaso zituzten festa giroan. Datorren denboraldian 2. mailan lehiatuko dute eta hori ez da lan erraza izango, baina aurtengo kemena mantentzen badute erne ibili.