Getariako XVIII. Biatloia bihar izango da Malkorben hasita

Gaztetxoak. Bi maila ezberdinetan lehiatuko dute bihar. /  AMAXKAR
Gaztetxoak. Bi maila ezberdinetan lehiatuko dute bihar. / AMAXKAR

Proba eguerdiko 12:00etan hasiko da eta aurretik Biatloi Txikiak lehiatuko dituzte

JUAN MARI ZUBIAURREGETARIA.

Getariako XVIII. Biatloia bihar larunbata egingo da eta bertan lehiatzeko aukera zabalik dago, bakarka edo erreleboka. Probak bi zati izango ditu; lehenengo Malkorbe hondartzatik atera eta igeriketa saioa egin beharko dute partaideak, 550 metroko luzerarekin, eta ondoren korrika saioa etorriko da3.500 metroko ibilbidea osatuz.

Parte hartzeko gutxiengo adina 16 urtekoa da. Izena emateko epea zabalik dago eta www.herrikrosa.eus webgunean egin daiteke. Bakarka egingo dutenek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta erreleboka egiten dutenek 15 euro. Parte-hartzaile kopurua 120 kirolarira mugatua egongo da. Parte-hartzaile gehienezko kopurura iristen ez badira, egunean bertan izena eman ahal izango da. Inskripzioa egun bertan, 11:00etatik 11:30era, udaletxeko arkupean egingo da eta prezioak bakarka 15 eta erreleboka 20 euro izango dira.

Gaztetxoek ere izango dute euren aukera. 9-11 urte bitarteko neska eta mutilek goizeko 11:00etan Malkorben dute saioa, lehendabizi igerian 75 metro egin eta jarraian lasterka 250 metro hondartzan. 12-15 urte bitarteko kirolariak ondoren aterako dira. Hauek lehendabizi igeriketa saioari ekingo diote 150 metro osatu bitartean eta ondoren hondartzan lasterka 500 metro egin behar dituzte helmugaratu bitartean. Gaztetxoek izena doan eman dezakete Turismo Bulegoan edo egunean bertan hondartzan.

Bestalde, Urola Kosta Udal Elkarteak antolatzen duen III. Euskal Kosta Krosa datorren irailak 28an ospatuko da, larunbata, eta aurtengoan irteera eta helmuga Getarian izango ditu. Urteroko legez, Getaria, Zarautz eta Zumaiako udalerrietatik igaroko da lasterketa. Hain zuzen ere, 21,097 kilometroko maratoi erdia izango da.