Getariako XX. Trikitilari Gazteen Txapelketaren deialdia luzatu du Udalak

Trikitilari gazteak. Joan den urteko irabazleak, txapelak soinean dituztela. /  AMAXKAR
Trikitilari gazteak. Joan den urteko irabazleak, txapelak soinean dituztela. / AMAXKAR

Ekaineko lehen egunean egingo da, Euskal Jaiaren barne, arratsaldeko 17:00etatik aurrera Berdura Plazan

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Trikitilari Gazteen Getariako XX. Txapelketa datorren ekainak 1ean ospatuko da eta bertan parte hartzeko deialdia luzatu du Getariako Udalak.

Euskal Jai egunaren barne ospatuko da lehiaketa hau eta dagoeneko oinarriak plazaratu dituzte. Txapelketa ekaineko lehen egunean arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta Berdura Plazan egingo da. Bertan, 18 urte bitarteko bikoteek parte hartu ahal izango dute (18 urtekoak barne).

Deialdi irekia izango denez, bikote asko apuntatuko balira kanporaketa bat egongo litzateke, txapelketa aurretik. Lehiaketa burutuko den egunean sei bikote egongo dira Berdura Plazan.

Oinarrien artean azpimarragarriak dira ondorengoak; bikote bakoitzak hiru pieza jo beharko ditu: lehendabizi Trikitia, ondoren Pot-pourria eta azkenik hauen artean aukeratzeko pieza bat: arin-arina, fandangoa edo porrusalda. Pot-pourriak gehienez 7 minutuko iraupena izango du.

Epaimahaiak honako hau baloratuko du: piezen zailtasuna, bat etortzea, kantua, dantzagarritasuna eta panderojolearen lana. Lehiakideak derrigorrez baserritar arroparekin agertu beharko dira. Sariei dagokionez honakoak izango dira; bikote irabazleak, txapelak eta ordainsaria izango du (250 euro). Bigarren bikoteak ordainsaria (150 euro). Hirugarren sailkatutako bikoteak ordainsaria (100 euro), eta beste hiru bikoteak, 4, 5 eta 6. sailkatuak, ordainsaria (60 euro). Getariar bikote onenari ere saria emango zaio.

Oinarriak Getariako udaletxean eta web orrian aurki ditzakete interesatuek (Telefonoa 943 896024, posta elektronikoa kultura@getaria.org edo udal web orrian www.getaria.eus). Izena emateko azken eguna maiatzak 23, osteguna, izango da.