Getariako Salbatore Jaiak hasi dira

Getariako Salbatore Jaiak hasi dira
AMAXKAR

Datorren larunbata heldu bitartean, festa giroa nagusituko da egitarau zabal eta erakargarri batekin

JUAN MARI ZUBIAURREGETARIA.

Abuztuak 6a, Salbatore Eguna ospatuko du gaur Getariak. Baina ez da egun batera mugatuko getariarren festa giroa, datorren larunbata bitartean denetik topatuko dute herritarrek eta bisitariek.

Atzo eguerdian haurrak izan ziren festan murgiltzeko gonbitea luzatu zutenak. Tamalez minutu gutxi falta zirela euriak bisita egin zion festa iragarpenari baina zorionez aterki bat edo beste zabaldu baziren ere, orokorrean festarako prest zeuden gazte eta helduek ez zuten arazorik izan Salbatore Jaiei ongietorria emateko.

Ordurako txosnagunean paella lehiaketa abian zegoen, eguerdian bazkaldu ahal izateko aurretik egin behar izaten dira lanak. Herriko buruhandiak kalera atera zirenerako umeak Kale Nagusian goitik behera ihes egiten ikusten ziren. Arratsaldean berriz txikienek izan zuten puzgarriekin jolasteko aukera.

Esperantzak ezin

Festen atarian, igandean, Getariako estropada lehiatu zen eta herritar ugari hurbildu zen estropada eremuko inguruetara Esperantzaren garaipenarekin festei hasiera emateko. Hirugarren amaitu zuten etxekoek eta txalo zaparradarekin hartu zituzten Altxerrin.

Gaur festek egun handia izango dute. Besteak beste ohorezko aurreskua, bandaren kontzertua, pilota finalak edo gaueko 23:00etan hasiko den Getariako konpartsa aurki ditzakegu. Gogoratu 80ko hamarkada dela gaur protagonista.

Temas

Jaiak