Getariako Salbatore Abesbatzak 2018ko balantze baikorra egin du

Urtea bukatzera doan honetan atzera begirada bat bota dute baina etorkizuna ahaztu gabe

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Salbatore Abesbatzak urtea bukatzen ari dela eta atzera begirada bota dute eta 2018kobalantze baikorra egin. Idatzi baten bitartez, urteko azterketa eta herritarrei parte hartzera gonbidapena luzatzen diete.

Idatzi bat zuzendu diete herritarrei «zenbait gogoeta» partekatzeko. «Salbatore Abesbatzak dituen bi helburu nagusiak aurten ere bete ditugula uste dugu. Batetik, hala nahi duten getariarrek, gure herrian betidanik afizio garrantzitsu izan den kantatzea gauzatzeko gune bat izatea. Bestetik, Getariak abesbatzaren beharra duen ekitaldi edo momentuetan erantzutea. 40 lagun inguru gabiltza une honetan koroan, zuzendari berriarekin urritik: Ruben Mejuto».

Lana gogor egiten du Salbatore Abesbatzak, entseguak eta herriko hainbat ekitaldietan partaide izaten dira, «2018 honetan ere hainbat une eta tokitan kantatzeko aukera izan dugu. Elizkizunetan parte hartzen dugu. Zaharren Omenaldian, San Antonetan txakolinari kantatu genion. Gure eguna gogotsu ospatu dugu, Xixili Donearen omenez. Eta egun hauetan, Eguberri kantak izaten ditugu lagun, herriko kaleetan edo elizan. Zaharren eguneko zentrora egin dugu aurten ere bisita. Eta nola ez, San Prudentzion, Askizun, eta Meagan izan gara, harrera ederra egiten digute auzoetan, eta gu gustura joaten gara. Bereziki aipatu nahi genituzke aurtengo Salbatore jaiak: lau urtean behin egiten den Elkanoren Lehorreratzean kantatzen dugun Gora Elkano ozen eta harro abestu genuen. Lau urte barrukoa berezia izango da, gure herriko itsas gizonak munduari bira eman ziola 500 beteko direla gogoratuko baitugu, eta han izango da Salbatore Abesbatza».

Luis Mari Manterola gogoan

Baina beti gertatzen den bezala dena ez da pozgarria izan, «urte honek izan du beste berezitasun bat guretzat: gure ahotsetako bat itzali da, Luis Mari Manterola joan zaigu. Faltan botatzen ditugu haren kantaldiak, baina batipat lagunaren falta sumatzen dugu, aurreko urteetan joan zaizkigun beste kideena bezalaxe». Abesbatzak ez du ahaztu nahi izan euren lana aurrera ateratzeko izaten dituzten bidelagunak, «Abesbatzaren bidea errazten duten guztiak eskertu nahi ditugu lerro hauen bidez. Udaletxea, Kofradia, Eliza, Itsas-Mendi Gutiziak, Txomin Etxaniz txakolina, Txakolinaren Jatorrizko Deitura, Irizabal Arrainak, Viveros San Anton, eta Elkano Arraindegia».

Bukatzeko, aurrera begirada bat botatzen dute esperantzaz beteta eta kide berriak gonbidatuz, «eta itxaropenez begiratu nahi diogu 2019ari. Ekarriko ditu honek ere kantatzeko aukera ugari berekin, gure gozamenerako. Ez pentsa zaila denik abesbatzako kide izatea, kantatzeko gogoa baldin baduzu, ateak zabalik dauzkagu.

 

Fotos

Vídeos