Getariako guraso eskolan izena eman daiteke 26a bitartean

Gurasoentzat. Eskolara itzultzeko aukera berria. /  AMAXKAR
Gurasoentzat. Eskolara itzultzeko aukera berria. / AMAXKAR

0 eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzendua dago Iturzaeta Herri Eskolan

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Getariako Guraso Eskola laster jarriko da abian. Horregatik dagoeneko izena emateko epea zabalik dago eta irailak 26 bitartean egin ahal izango da. 0tik 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzendua dago eta Iturzaeta Herri Eskolan emango da.

Adituen esanetan, «jaio eta hasierako urteek garrantzia gero eta nabarmenagoa dute. Izan ere, garai honetan norbanakoaren garapenak eta heldutasunak hainbat forma hartuko ditu ikasitakoaren arabera eta honetarako izandako prozesuaren arabera».

Ezinbestekoa da beraz, «prebentzio-lana. Honek hasierako urte hauetan garapen eta bizipen egokiak izaten lagunduko du, eta ondorioz pertsona horrek bizi-kalitate ona izango du etorkizunean».

Honek guztiak «haurren garapenean zutarri diren bi erakunderekin lan egitea dakar: familia eta eskola. Horregatik, gurasoek eta irakasleek haurren hezkuntzari dagozkion hainbat kontzeptutan eta helburutan bat egitea komeni da».

Harremanak Elkartea (psikologia, psikoterapia eta sexologian adituak) arduratuko da ikastaro hauek emateaz. Ikastaroaren ezaugarri nagusiak bi izango dira. Alde batetik, bi talde mugatuak osatuko dira eta ikastaroa egiteko, gutxienez 8ko kopurua beharko da talde bakoitzean. Seme-alaben adinaren arabera antolatuko dira bi taldeak (0tik 8ra bata eta 9tik 12ra bestea), bakoitza bere ordutegiarekin. Ikastaroa bederatzi saioetan banatuta egongo da, bakoitza ordu eta erdiko iraupenarekin. Asteazkenetan izango dira saio guztiak eta egunak lehenengo saioan, urriak 3an, finkatuko dira.

Izena emateko orrian zehaztu beharko da seme-alaben adinarekin, ze saiotan izena ematen duzun, 14:30etatik 16:00etara (0tik 5urteetarako haurrak dituztenentzat), eta 14:30etatik 16:00etara edo 18:00etatik 19:30etara (6tik 12 urteetarako haurrak dituztenentzat). Parte-hartzaileen izen-deiturak, helbidea, telefonoa eta seme-alaben adinak adierazi behar dira izen-emate orria eta udaletxera edo eskolara eraman.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos