Getaria
Ia hirukoiztu egin da egokitutako bainu zerbitzuaren erabilera uda honetanGurutze Gorriak herriko hondartzetan egindako lanaren berri eman du denboraldia itxi ostean
Uda honetan berriro Gurutze Gorria arduratu da Malkorbe eta Gaztetape hondartzetako sorospen nahiz bainu egokituko zerbitzuak emateaz. Denboraldia ekainaren 15ean hasi eta joan den igandean, irailaren 15ean, amaitu zen.
Osasun laguntzei dagokionez, joan den udan baino gutxiago eman dira, denboraldi honetan marmokarik egon ez delako. Getarian, 223 laguntza, 9 erreskate eta 12 ebakuazio egin dira. Herriko hondartzetako zerbitzua zazpi pertsonek osatu dute: osasun larrialdietako bi teknikarik, hondartzako buru batek nahiz lau soroslek. Uztailean zein abuztuan, zerbitzua indartzeko, sorosle gehigarri bat egon da.
Egokitutako bainua
Aurtengo udan, Hondartzak Denontzat proiektu pilotua egon da martxan Malkorbe hondartzan. Ekimena aldundiako Jasangarritasun nahiz Zainketa eta Gizarte Politiketako departamentuek sustatu dute, Getariako Udalarekin, Gurutze Gorriarekin eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin lankidetzan.
Egitasmoak helburu izan du mendekotasuna eta desgaitasuna duten lurraldeko pertsona guztiei hondartzan bainua hartzea bermatzea eta horretarako, modulu irisgarri bat instalatu zuten Malkorben, aldagela eta bainugela egokitu gisa funtzionatu duena.
Iazkoarekin alderatuta, ia hirukoiztu egin da egokitutako bainu zerbitzuaren erabilera.
512 bainu egin dira
Malkorbe hondartzan, orotara, lagundutako 512 bainu egin dituzte; joan den urtean, Gipuzkoan, Getaria eta Hondarribia kontutan hartuta, kopurua 234koa izan zen. Gurutze Gorritik azaldu dutenez, 2023ko kopuru baxua «udako klimatologiaren ondorio» izan zen. Egokitutako bainu kopuruen igoera horretan, era berean, ondoriozta daiteke Hondartzak Denontzat proiektuak izan duela eraginik.
Gurutze Gorriak gaineratu duenez, «bederatzi plazako garraio-ibilgailu egokituarekin, lurraldeko edozein tokitik, egoitzatik edo eguneko zentrotik etorritako erabiltzaileei zerbitzu integrala eman zaie». Hala, erabiltzaileek egun osoa igarotzen zuten hondartzan eta arratsaldean, eguneko zentrora eramaten zituzten.