Borrar
Udalbatzarrak 2026ko aurrekontuak onartu ditu aste honetan. AMAXKAR

Getaria

Getariako Udalak 2026ko aurrekontuak onartu ditu

Guztira 5.420.346 euroko aurrekontua du datorren urteak

Osteguna, 27 azaroa 2025, 20:43

Comenta

Udalak 2026ko ekitaldi ekonomikorako aurrekontuak onartu ditu Osoko Bilkurak. Guztira 5.420.346 euroko aurrekontua izango du datorren urteak, eta bozketan EH Bilduren sei boto aldeko eta EAJren abstentzioa jaso zuen proposamenak.

Aurrekontuen xede nagusia udalerriko lehentasunezko arloetan inbertsioak egitea da: berdintasuna, hirigintza eta azpiegitura hobekuntzak, gazte eta ergilieen erabilerarako espazio komunitarioak, ingurumenaren zaintza eta proiektu estrategikoak, besteak beste.

Berdintasun arloan, 45.300 euro bideratuko dira, inoizko diru-ekarpen handiena. Aurrera eramango diren egitasmoen artean daude Berdintasun Plana garatzea, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa idaztea, sentsibilizazio eta ekintza-programak eta Getariako emakumeen ekarpen historikoa ikertzeko bekaren 2.edizioa.

Hirigintzari dagokionez, 418.300 euro erabiliko dira auzo eta bideetako mantentze lanetarako, Iturzaeta Eskolako obretarako, Kultur etxeko berrikuntzetarako, haur parkeen hobekuntzarako, mural baten sorkuntzarako eta beste hainbat esku-hartzetarako, horien artean Surf eraikinako emakumeen aldagelen egokitzapena eta Askizuko aisialdi gunea.

Espazio autogestionatu berria sortzeko 210.000 euro gordeko dira, udal gobernuak gazte eta eragileen topaleku eta erabilera beharrak asetzeko helburutzat aurkeztu duen proiekturako.

Ingurumen arloan, San Anton mendiko biodibertsitatea indartzeko lanek 70.000 euro jasoko dituzte.

Udal ekipamenduak berritzeko 22.000 euro aurreikusi dira, ekipamendu informatikoa eta telefonia modernizatzeko, brigadako materialak berritzeko eta musika ekipoak erosteko.

Bestalde, proiektu estrategikoen idazketak pisu handia izango du 2026an: 128.000 euro bideratuko dira Hirigintzako Antolaketarako Plan Orokorraren (HAPO) idazketara eta herriko irisgarritasuna hobetzeko bi igogailu-proiekturen diseinura. Bata, Merke – Balentziaga lotuko dituen igogailuaren proiektua idaztera (30.000) eta bestea, molla eta herrigunea lotzeko aurreproiektua (18.000) diseñatzera.

Azken urteetan egin ohi den bezala, portu eremurako 312.000 euro gorde dira. Bestea beste Kofradia zaharra, gelera, tintalekua eta Nautikoren erabilera aztertzera bideratuko da diru zati bat.

Halaber, 2026an Elkanoren heriotzaren 500. Urteurrena izango denez, abuztuak 7ko lehorreratzerako eta gaiaren inguruko ezagutza historikoa eta kultur zabalkundea sustatzeko jardueretarako 105.000 euro jarri dira.

Herriko eragileen urteurrenek ere izango dute beren diru partida berezia aurtengoan. 2026an Arraun Elkarteak 50 urte betetzen ditu eta Artzapek 25 urte. Bata zein besteak aurrera eraman nahi dituzten egitasmoei laguntzako 12.000 euroko ekarpena aurreikusi da aurrekontuetan.

Azkenik, beste hainbat partidetan ere berritasunak txertatzea onartu da. Besteak beste, Korrikan parte hartzeko 900 euro, Musika Bandaren jardunari laguntzen segitzeko beste 2.000 euro emango dira, Aita Mari ontziari 4.000 euro eta Izan Arrantzale egitasmoari 3.000 euro.

Udalaren esanetan, datorren urteko aurrekontuek «herritarren ongizatea, udal azpiegituren mantenua eta udalerriaren garapen orekatu eta iraunkorra» dute ardatz, eta 2026ko aurrekontuak horren adierazle dira.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Getariako Udalak 2026ko aurrekontuak onartu ditu

Getariako Udalak 2026ko aurrekontuak onartu ditu