Euskaraldian izena emateko aukera azaroaren 23a bitartean

Kanpainaren aurkezpenean parte hartu zuten herriko lagunak. /  ARANBERRI
Kanpainaren aurkezpenean parte hartu zuten herriko lagunak. / ARANBERRI

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Irailaren 20an ireki zen ofizialki Euskaraldian izena emateko epea. Hala, azaroaren 23ra bitarte, ariketa sozial honetan parte hartu nahi duten guztiek ahobizi zein belarriprest gisa izena eman beharko dute. Alde batetik, webgune bidez egin daiteke izen-ematea. izenematea.euskaraldia.eus webgunean zuzenean beraien datuak utzi ahal izango dituzte herritarrek; gero, azaroaren hasieran, aukeratutako roleko txapa jasotzeko herrietan.

Bestalde, Usurbilgo kasuan, Potxoenean, Noaua K.E.-n zein ekimeneko partaide diren elkarteetan izen-emate eskuorriak eskura daitezke. Eskuorria norbanakoen datuez bete, eta berriro ere gune horietara itzuli beharko dute eskuorri betea.

Azkenik, Usurbilgo batzordeak informazio-mahaiak ere ezarriko ditu kalean hainbat egunetan eta bertan ere izena emateko aukera egongo da.

Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte izango da Euskal Herria osoan. Ekimen horretan 11 egunetan hizkuna-praktika berri bat gauzatzera gonbidatuko dira herritarrak. Ariketa horren subjektuak 16 urtetik gorako helduak izango dira eta 11 egunez helduen hizkuna-ohiturak aldatzeko ariketa kolektibo bat egitea da proposamena, ulermena balioan jarrita.

Euskaraldiaren helburua da, besteak beste, ariketa praktiko horren bidez ikusaraztea eta biziaraztea hizkuntza-ohiturak alda ditzakegula, eta, ahal dela, 11 egun horiek pasa ostean, hizkuntza-praktika berri horiei eustea.

Horretarako, bi subjektu mota bereizi dira: ahobiziak eta belarriprestak. Belarriprest izanda, euskaraz dakiten guztiei zuri euskaraz egiteko gonbitea egingo diezu. Euskara ulertzen duzula adieraziko diezu eta zurekin euskaraz hitz egin dezatela eskatu. Zuk euskaraz edo erdaraz erantzungo duzu, baina zuri euskaraz egiteko eskatuko duzu. Belarriprest izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Dakienari zuri euskaraz hitz egiteko gonbitea egin nahi diozu? Belarriprest zara!

Ahobizi izanda, berriz, euskaraz egingo diezu ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin arituko zara euskaraz. Ezagutzen ez dituzunekin lehen hitza euskaraz egingo duzu, eta ulertzen baldin badute, hortik aurrerakoak ere bai. Ahobizi izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Ahal duzun guztietan euskara erabiltzeko prest? Ahobizi zara!

 

Fotos

Vídeos