Etxeko hondakin handiak astelehenean atera behar dira

JUAN MARI ZUBIAURREGETARIA.

Azken asteotan etxeko hondakin handi asko (altzariak, etxeko tresna elektrikoak, bestelako etxeko tresnak, koltxoiak...) agertu dira Getaria, Aia, Orio, Zarautz eta Zumaian edukiontzien inguruetan, tokatzen ez den egunetan eta narras utzita. Horretarako aukeratutako egunean bota behar dira. Herri bakoitzak bere egun eta ordutegia du eta Getarian astelehenak dira horretarako hautatutako egunak, 20:00etatik 22:00etara.

Hondakin handi gisa hartzen dira tresna eta altzariak, bestela esanda, etxebizitza berritu edo aldatzearen ondorioz herritarrek baztertzen dituzten etxeko altzari eta ekipamenduak. Hauen artean, altzariak, etxeko tresna elektrikoak, handiak eta txikiak, informatika eta telekomunikazio ekipoak, kontsumorako aparailu elektronikoak edo erabili ezin diren etxeko bestelako tresnak.

Hauek dira beraz atera daitezken hondakin handiak baina tamalez bestelakorik ere azaltzen da edukiontzien ondoan. Horregatik Udal Elkartetik berezitu dituzte baita ateratzea debekatuta dauden gauzak. Hauen artean aurkitzen dira maneiatzeko bitarteko mekanikoak (garabiak, poleak...) behar dituzten hondakinak edo bere horretan garraiatu ahal izatea ezinezko egiten duten hondakinak uztea.

Baita hondakin handiekin batera bestelako hondakinak uztea, bereziki eraikuntzako obra txikietako hondakinak, etxeko konponketa eta berritze lanetako hondakinak, pneumatikoak...

Azkenik debekatua dago baita hondakin handiak uztea Udal Elkarteko zerbitzu teknikoek horretarako ezartzen dituen egun eta ordutegitik kanpora.

Gogoratu nahi izanez gero, hondakin handiak garbiguneetara eraman daitezke (hiru garbigune ditugu eskualdean, astelehenetik larunbatera zabalik).

Garbigunea

Garbigunea udalerriaren inguruan dagoen biltegi bat da, herritarrei hondakinak bertara eraman eta gaika sailkatuta botatzeko zerbitzua eskaintzen diena.

Gure eskualdean hiru garbigune ditugu: Aian, Zarautzen eta Zumaian. Askotariko edukiontziak daude garbigunean, hondakinak sailkatuta uzteko. Garbigune zerbitzua erabil dezakete soilik Urola Kostako (Getaria, Aia, Orio, Zarautz eta Zumaiako) eskualdeko biztanleek. Merkatariek, eraikuntzako gremio txikiek, industriek eta udal zerbitzuek (brigadak, bulegoak...) ere garbigune zerbitzua erabili ahal izango dute, aurrez Udal Elkarteko zerbitzu teknikoen baimena jasota. Garbigune zerbitzua doakoa da.