Esperantza gora dator Plentzian laugarren amaitu ondoren

Taldea. Koadrila bikaina osatu dute eta emaitza gero eta hobeak lortzen ari dira KAE-1 Ligan. / AMAXKAR
Taldea. Koadrila bikaina osatu dute eta emaitza gero eta hobeak lortzen ari dira KAE-1 Ligan. / AMAXKAR

Estropada atzetik aurrera egin eta indartsu amaitu zuten Ion Larrañagaren mutilek XXXI Plentziako Ikurriñan

JUAN MARI ZUBIAURREGETARIA.

Aurreko asteburuan Esperantzak itxaropena zabaldu bazuen herritar arraunzaleen artean, asteburu honetan oraindik lan hobea egin eta KAE-1 Ligako emaitza onena lortu zuten Plentzian, laugarren amaituta.

XXXI Plentziako Ikurriña - Xabier Aranaren Omenez lehiatzen zen larunbat arratsaldean eta getariarrak bigarren txandan kokatuak zeuden. Camargo, Pedreña eta etxeko ontzia, Arkote, zituzten txandan eta aurreratu genuen bezala helburua Pedreñarekin diferentziak laburtzen joatea zen.

Ez zuten dena den, hasiera oso ona egin Esperantzako arraunlariek. Lehen ziabogara heldu zirenean Pedreña eta Arkoteren atzetik ziren eta oraindik kezkagarriagoa, lehen txandako Santoña eta Zumaiak denbora gutxiago erabili zuten lehen luze hori egiteko.

Estropada erdian, bigarren ziabogan, gauzek okerrera egin zuten. Orain txandako azken ontzia ziren eta lehenengo bi traineruek denbora hobea markatzen zuten.

Erreakzio ikusgarria

Baina egoera honi erantzun egokia eman zioten getariarrek. Indarrak gordeta zituzten eta hirugarren luzean txandako borrokan erabat sartu ziren, Arkoteren atzetik eta beste bi ontziak aurreratuz. Ordurako lehen txandako denbora guztiak hobetu zituzten.

Azken luzea ikusgarria egin zuten herriko semeek. Denei aurrea hartu eta denbora onena jarri zuten, 20:26:67. Itxaron besterik ez zuten egin behar azken txandan zer gertatzen zen ikusteko. Hiru traineru izango ziren gai getariarren denbora hobetzeko eta honenbestez laugarren amaitzen zuten Esperantzako mutilek (oraingoan Unax Eizagirre eraman zuten patroi).

Emaitza honekin erakusten dute gora datozela gure arraunlariak. Sailkapen orokorrean zazpigarren jarraitzen dute baina Camargorekiko aldea asko handituz eta aurrean dauden Pedreña (2 puntura) eta Arkote (4 puntura) gero eta hurbilago. Larunbatean, Donostian.