'Escapadas con Joseba Arguiñano' Askizu auzoan izango da bihar

Askizun. Joseba Argiñano. /
Askizun. Joseba Argiñano.

GETARIA.

'Escapadas con Joseba Arguiñano' ETBko saioa Getariako barrualdeko auzoetako batean izango da bihar, Askizu auzoan zehazki. German Sorazuk ehun bat biztanle dituen auzoa erakutsiko dio aurkezleari. Txakolin mahastiz inguraturik dago auzunea, eta betiko produktuak ekoizten dituzten baserriak ere asko dira Getariako auzo honetan.

Etxeberria gaztandegian Josebak Idiazabal gazta dastatu eta erosteko asmoa azalduko du, baina hori egiteaz gainera, Jose Manuel Etxeberriak lanean jarriko du gaztak garbitzen Argiñano sukaldari ezagunaren semea. Tomate usaina ere bada bertan. Alikante baserriak Jack barietateko tomatea ekoizten du, eta 'Pakita tomatea' izenpean saldu. Juan Antonio Arangurenek azalduko dizkio Eusko Label etiketa duen tomatearen ezaugarriak.

Herriko Ostatua ere toki egokia da Askizun bertan gaua pasa eta ibilaldi bereziak egiteko. Nerea Ibañez Araziko koordinatzaileak emango dizkio aurkezleari jardun hauen guztien berri biharko saioan. Berebat, Iturregi luxuzko hotela ezagutzeko parada izango du Lucie Lepetre zuzendariaren eskutik.