Errezili kolorea ematen dio Ibarbi sagarrak
Errezilgo Sagarraren Eguneko Azoka egin zuten abenduko lehen igandearekin batera eta hamasei ekoizle eta artisau izan ziren bertan
Alvaro Bermejok eta Joseba Urretabizkaiak 'Ibarbi Errezil sagarra. Sagarren erregina' liburua kaleratu zuten duela urte gutxi, eta gaur egun ere erreferente izaten jarraitzen du. Errezil sagarrak kolorea eta izena ematen dio herriari, eta horrela jarrai dezala urte askotan. Hala nabarmendu zuten atzokoan Errezilen bildu ziren ekoizleek. Errezil Sagarraren Eguneko azoka egin zen bertako frontoian, eta hamasei ekoizle elkartu ziren. Sagarra izan zen protagonista —Ibarbi sagarra— baina, horrez gain, askotariko produktuak ikusi eta erosteko aukera izan zen: arropa, ogia, esnea, gazta edo barazkiak, besteak beste.
Postu horietako batean Errezilgo Azoka Elkarteko hiru emakume zeuden: Amaia, Maria Jesus eta Jone. Maria Jesusek elkartea laster utziko du, ziurrenik guztiz erretiratuko ez bada ere: Jonek dendarekin jarraituko du, eta Amaia hasiko da lanean bertan, «kontserben alorrean». Denetarik egiten dute. «13 klaseko mermelada eta sagar dultzea ere asko ateratzen da», azaldu zuen Maria Jesusek.
Salmenta izan zuten atzokoan, baina hala ere, «beste urteetan gehiago» izan dela iruditu zi-tzaion Maria Jesusi. «Hiru egun jarraian jai dira, eta nabaritu da jende asko kanpora joan izana».
«Oso azoka polita da»
Amaiak lehen aldiz parte hartu zuen postuan, eta azoka goraipatu nahi izan zuen: «Oso azoka polita da; gainera, bertakoak dira postu gehienak, eta hori Errezil bezalako herri txiki batentzat izugarria da».
Pixka bat aurrerago, azoka antolatzeaz arduratzen den Errezil Sagarraren Elkarteko lehendakaria zegoen, Luis Berrondo. Bi urtean behin izan ohi da sagar-urtea, eta aurten hala da. Hala ere, «ez da sagarrik izan leku guztietan. Errezilen ere, hainbat sagastitan, eguraldiagatik gehienbat: negua epeletik joan zen, eta alea txikiagoa izan da. Loraldia bi aste atzeratu zen eta bilketa bi aste aurreratu, beraz, ez du nahikoa denbora izan hazteko. Arazoa da gero eta negu epelagoa egiten duela, eta joera aldatzen ari dela», azaldu zuen.
Jende asko gerturatzen da azokara, eta «beti 'pikatzen' du zerbait», zioen. Hori bai, jarraitzeko «indar pixka bat» eskatu zuen: «Gazteen indarra eta inplikazioa behar dugu honi eusteko».