Elkanori omenaldi handia egingo zaio euskal kostaldean udan, uztailaren 6 eta 7an

Saltillo. Getariako portuan egona da eta berriz etorriko da. /  AMAXKAR
Saltillo. Getariako portuan egona da eta berriz etorriko da. / AMAXKAR

J.M. ZUBIAURRE GETARIA.

Euskal kostaldeak datorren uztailean azken hamarkadetako itsas ikuskizun ikusgarrienetako bat biziko du. Ehun ontzik zeharkaldia egingo dute Getxo eta Hondarribitik Getariaraino, Juan Sebastian Elkanoren jaioterriraino.

Omenaldiaren izenburua 'Horizonte Elcano/Elkanoren Zeruertza' da, eta ostegunean aurkeztu zen jendaurrean Donostiako Aquariumean. Inoiz egin den omenaldirik handiena izango da, alde batetik, ontzi kopuru handia izango duelako, eta bestetik, proiektu honek batasun-espiritua eragin duelako, lau ontzidiek parte hartu baitute: merkataritzakoa, arrantzakoa, Armada eta kiroletakoa. Guztira hogei bat erakundek jardun dute antolaketan. Arrantzaleen kofradiak nahiz kirol-arloko itsas klubak, Liga Naval izeneko elkartea nahiz merkataritza-ontzidiko kapitainak, baita hainbat administrazio ere. Lehen aldiz lortu den nabigazioaren sektore osoaren batasun horrek, egun horietan euskal kostaldean mota guztietako ontziak elkartzea ekarriko du ondorio gisa. Uztailaren 6an eta 7an egingo da ekimen hau.