Elkanoren Itsasoratze jaialdiaren azken emanaldia, gaur

Itsasoratze sinbolikoa. Isasontzi asko elkartu ziren Elkanoren irteera irudikatzeko. /  AMAXKAR
Itsasoratze sinbolikoa. Isasontzi asko elkartu ziren Elkanoren irteera irudikatzeko. / AMAXKAR

Dibulgaziozko hiru saio antolatu dira eta gaur Arrantzaleen kofradian azkena izango da arratsaldeko 19:30ean

JUAN MARI ZUBIAURREGETARIA.

Elkanoren Itsasoratzea Mundubiraren Ubera ekimenaren barne antolatu den egitarau zabalaren barne dibulgaziozko hiru saio egingo dira, elkarrizketa formatuan gauzatzen ari direnak, modu dinamiko eta parte-hartzailean, ikusleak mundubirarekin erlazionatutako gai ezberdinetara hurbiltzeko.

Orain arte bi burutu dira eta gaur arratsaldeko 19:30ean Elkano Arrantzaleen Kofradian hirugarrena egingo da. Bertan izango dira Ekai Txapartegi UPV/EHUko filosofia irakaslea eta Iosu Etxezarraga arkeologoa, 'Itsasoko teknologiaren ezagutzatik, ezagutza zientifikora' gaiaren inguruko solasaldian gaia jorratzeko.

Aurreko bietan jende asko hurbildu da solasaldietara eta gaurkoan ere beste horrenbeste espero da. Aurrez egindakoak hauek izan dira, irailaren 10ean, Amaia Rojo UPV/EHUko ikerlaria eta Elkano 500 Fundazioko aholkulari Daniel Zulaika egon ziren eta eurek landutako gaia 'Euskaldunak lehen mundubiran'. Hilak 12an, Euskal Itsas Museoko zuzendari Xabier Alberdik eta Aitor Leniz historialari lekeitiarrak 'Euskal Herriko kostako testuingurua Elkanoren garaian' gaiari buruz hitz egin zuten.

Asteburuan bestelako ekimenak burutu dira portuan. Elkanoren Itsasoratzea jaialdiak denetik ekarri du. Larunbatean gastronomia izan zen nagusi, arroza eta espezieak probatzeko aukera izan zelarik moilan egindako lehiaketan. Gaztetxoenek Urritzaren eskutik jolas eta tailer ezberdinetan parte hartu ahal izan zuten.

Igande eguerdian ekitaldi ofizial bat egin zen eta, bertan, Elkanorekin abiatu ziren itsasontzi eta tripulatzaileen jatorriko euskal herri ezberdinetako ordezkari instituzionalek parte hartu zuten, baita beren historia itsasoari lotuta duten herrietako ordezkariek ere, kostakoak zein barnekoak. Magallanes-Elkano espedizioan euskal jatorriko 31 tripulatzailek parte hartu zuten, armadako bost itsasontzitik hiru eraiki ziren euskal itsasertzeko ontzioletan, eta, gainera, euskaldunek zeregin garrantzitsua izan zuten bidaiaren prestaketan.

Irakurri zen adierazpenak hori dena jasotzen zuen eta jarraian Salbatore Abesbatzak Elkanoren ereserkia abesten zuen bitartean, itsasoratze sinbolikoa egin zen, portuan bildutako itsasontzien partaidetzarekin, kanpai doinuak lagun zituztela.