Elkano eta Balenciaga lotuko dituen esperientzia

Esperientzia. Bi getariar ezagun hauen inguruko informazioa jasoko dute partaideek. / AMAXKAR
Esperientzia. Bi getariar ezagun hauen inguruko informazioa jasoko dute partaideek. / AMAXKAR

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Cristóbal Balenciaga Museoak eta Elkano Fundazioak Cristóbal Balenciaga eta Juan Sebastian Elkano, eta beraien ondare kulturalaren berri izateko ekimen berezi bat burutuko da datorren larunbatean. Euskadiko itsas bazterreko ondare kultural eta naturala balioan jartzeko helburuaz, eta baita Sareko zentroak eta beraien eskaintza aurkezteko, martxoan Kostaldeko Museoen Hilabetea ekintza-programa burutzen ari da, eta larunbatean eskainiko den esperientzia programa honen baitan burutzen da.

Jostunari eskainitako zentrora eta Getariako alde zaharrera bisita gidatu bat eginez, bisitariei bi pertsonaia ospetsuen berri izateko zein herriaren ondare kulturala hurbiletik ezagutzeko aukera eskainiko zaie. Aurten, gainera, munduari eman zitzaion lehen itzuliaren bosgarren mendeurrena ospatzen dela kontutan izan behar da.

Plaza kopurua mugatua izango denez derrigorrezkoa da aurrez izena ematea, hori bai, esperientzia dohainik izango da. Aurreikusitako iraupena bi ordukoa izango da eta hiru aukera eskaintzen dira. Lehenengoa martxoak 30 larunbatean izango da 11:30ean hasita eta euskaraz. Bigarren aukera frantsesez egin nahi dutenei zuzendua dago larunbata bertan 16:30ean. Eta azken aukera igandean izango da, martxoak 31 eta gazteleraz. Goizeko 11:30ean emango zaio hasiera esperientzia honi. Informazioa eta erreserbak, info@cristobalbalenciagamuseoa.com posta elektronikoan edo 943 00 88 40 telefono zenbakira deituta.

Euskal kostaldeko museoak

Euskadiko itsas bazterreko ondare kultural eta naturala balioan jarri eta sustatzeko helburuaz eta baita, Euskal Kostaldeko Museoen Sareko zentroak eta beraien eskaintza aurkezteko, martxoan Kostaldeko Museoen Hilabetea ekintza-programa burutzen ari dira.

Hilabete honetan zehar sareko zentroek orotako jendearentzat ehun ekintza, abantaila eta deskontu baino gehiago eskaini dituzte: familientzako tailerrak, haurrentzako jolasak, bisitaldi gidatu bereziak, doako sarrerak, eta abar.