Dena prest biharko pilota partidarako

Elkarrekin. Biharko lau pilotariak herriko gaztetxoekin pilota hautaketa egiten zuten bitartean. /  AMAXKAR
Elkarrekin. Biharko lau pilotariak herriko gaztetxoekin pilota hautaketa egiten zuten bitartean. / AMAXKAR

Atzo pilotak aukeratu zituzten Sahatsagan eta bihar Bengoetxea/Imaz eta Artola/Mariezkurrena ikusteko aukera dago

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Aurtengo San Anton jaiak hasiera berezia izango dute binakako pilota txapelketako partida zuzenean Sahatsaga pilotalekuan ikusteko aukera izango baitute zaleak. Atzo partida nagusiko lau pilotariak bertan izan ziren herriko gaztetxoenen begirada liluratuen aurrean, pilotak aukeratu eta dena prest utzi zuten bihar gaueko 22:00etan hasiko den jaialdian puntu garrantzitsua eskuratzeko gogoz. Asegarceko bi bikote aurrez aurre, Bengoetxea eta Imaz alde batetik eta Artola eta Mariezkurrena bestetik. Bigarren hau herritarrentzat ezaguna da, zeren DV txapelketan Gorka Aristi getariarrarekin bikotea osatu zuen 2017an.

Partida nagusiaren aurretik binakako promozio txapelketako beste partida interesgarria jokatuko da, Agirre eta Salaverrik aurrean izango dituzte Alberdi eta Erasun. Jaialdiaren aurkezpenean Aspeko teknikaria den Inaxio Errandoneak hau esan zigun partida honen inguruan, «promozio txapelketako bigarren jardunaldiko partida dago iragarrita eta bertan Alberdi debutatu berria eta berarekin denak gazteak».

Sahatsaga pilotalekuari buruz, berriz, zera zion, «pilotaleku oso azkarra da, zola azkarreko frontoia da eta partida egunerako mopa berezi bat ekarriko dugu pilotariak ez dezaten irrist egin. Baina bestela pilotaleku egokia da».

Txapelketa nagusiari begira Erandonearen iritzia ere jaso genuen, «badaude hiru bikote denen aurretik daudenak eta horiak papeleta asko dituzte aurrera egiteko eta final erdietan sartzeko baina beste guztiak hor daude nahiko parekatuta eta txapelketa bero-bero dago, jokoan jartzen diren puntu guztiak garrantzi izugarria dute. Hori da azken finean gure nahia, bikote parekatuak jarri eta lehia izan dadila, pilotazaleak gozatu dezaten. Txapelketa luzea da eta ez da komeni bikote bat edo bestek ihes egitea. Ez da erraza, pilotariak ere euren saoi puntuak izaten dituzte eta inoiz ez da jakiten zer gertatuko den».

Getariako Udalarentzat apustu handia izan da partida hau ekartzea, «urtean zehar herrian pilotaren inguruan egiten denaren ondorioa izan da, hor lanean dabiltzanentzat sari bat eta San Anton festetan kokatuta oraindik eta hobeto», dio alkateak. Gure Txeruko kideak bihar egun osoan zozketako txartelak salgai izango dituzte, baita partidan ere eta denon laguntza beharko da.