Datorren ostiral eguerdian, 13:45ean, iritsiko da Korrika Orioko plazara

Aurtengoan, Korrika egunez pasako da Oriotik, eguerdi partean. / DV
Aurtengoan, Korrika egunez pasako da Oriotik, eguerdi partean. / DV

Hau dela eta, Korrika Batzordeak egitarau zabala antolatu du eta goizean Korrika Txikia egingo da

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ORIO.

Datorren ostiralean, apirilaren 12an, pasatuko da Korrika Oriotik, 13:45ean. Orioko Korrika batzordeak programa zabala antolatu du egun horretarako, goizean hasi eta gaua arte.

Honela, hasteko, Korrika Txikia goizeko 11:00etan abiatuko da Bikamiotatik eta ibilbidea egingo du herriko kaleetan barrena, bi eskoletako haurrekin. Bukaera Herriko Plazan emango zaio 12:00ak inguruan. Ahal duten guraso guztiak ere gonbidatuta daude parte hartzera. Lehenbizi ikasle zaharrenak abiatuko dira eta azken metroak bi ikastetxeetako txikienek egingo dituzte.

Ondoren,Korrika iritsiko da plazara. Zarauztik barrena etorriko da aurten eta, esan bezala, 13:45tan du ordua Orioko plazara iristeko. Oriotarrek Xuai gainean hartuko diete lekukoa zarauztarrei eta Aginagaraino eramango dute, han usurbildarrei emateko.

10 kilometro Orion

Korrikak 10 kilometro egingo ditu Orion eta ondorengo talde hauek eramango dute lekukoa: 2024 km (Xuai gainean hasita): Orain plataforma; 2025 (harrobia): Orioko Arraunketa Elkartea; 2026 (Xuai-Aitzondo): Talai Mendi elkartea + Orioko AEK; 2027 (tren-geltokia): Txurrumuski aisialdi-elkartea + Ametsa gaztelekua; 2028a (Herriko Plaza): Harribil dantza-taldea + Karkara taldea; 2028b (Bikamiota): Herrio natur taldea + EH Bildu; 2029 (Herriko Plaza): Gaztetxea + Saltxerak emakume-taldea; 2030 (Etxeluze gaztetxea): EAJ + Toki Alai elkartea; 2031 (Ortzaika): Zaragueta Herri Eskola; 2032 (Botaleku): Orioko Herri Ikastola eta, 2033 kilometroa (Saikola): Orioko Herri Ikastola.

Bertso saioa

Korrika eguerdian pasa ondoren, Orioko Korrika batzordeak bertso saioa antolatu du arratsalderako, Korrika Kulturalaren barruan. Gaboneko tunelean egingo dute oriotarren eta azkoitiarren arteko buruz burukoa, eta Egoitz Eizagirre eta Iñaki Gurrutxaga oriotarrek, eta Unai Izagirre eta Eneritz Artetxe azkoitiarrek parte hartuko dute. 19:00etan hasiko den bertso saioa.

Eguneko programari bukaera emateko, Korrikazaleen afaria izango da Gure Etxea elkartean, 21:00etan hasita. Hau izango da menua: entsalada, gisatua eta gazta intxaurrekin. Afalostean Errikotxiako kideek bertso zaharrak abestuko dituzte, Imanol Urkizuk gitarrarekin lagunduta. Afari-txartela aldez aurretik erosi behar da kultur etxean edo Kolon Txiki tabernan. Txartela 15 eurotan dago salgai dagoeneko eta interesa duenak hobe du azkar ibiltzea, mugatuta daude-eta (guztira, 60 afari-txartel jarri dira salgai).

Beraz, egun betea datorkigu datorrren ostiralekoa. Gogoratu ere Korrikaren bukaerara, Gazteizera joateko, autobusa antolatu dela Oriotik.