EH Bilduko hautetsiak eta hautagaiak elkarrekin Getaria aztertzeko asmoz

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Zortzi urte hauetan alkate eta zinegotzi karguetan egon diren EH Bilduko kideak datozen hauteskundeetan alderdi bereko hautagai izango direnenekin elkartu dira. Herrian egindako egitasmo nagusiez aritu dira, eta egungo egoera errepasatu dute. Haritz Alberdik, alkategai den aldetik, Udalaren egoeraren berri zuzenean jasotzea estimatu zuen, eta ezinbestekotzat jo zuen orain arte egindakoa ezagutzea, erronka berriak errealismoz planteatzeko. Horren haritik, EH Bilduko hautagaitzak prestatutako herri-programak hori guztia kontuan hartzen duela eta datozen urteetan Getariak dituen erronkei erantzungo diela adierazi zuen. Azkenik, orain arte egindako lana eskertu zien egungo hautetsiei, eta datorren legegintzaldiari gogotsu eutsiko dion lan-talde zabala dutela nabarmenduz amaitu zuten bilera.