Bihar Gaztetape hondartza garbitzeko gonbita 'Zaindu dezagun gure itsasoa' ekimenarekin

J.M. ZUBIAURRE GETARIA.

Gizakiok sortzen ditugun zabor kantitate handiak direla eta, itsasoan eta haren inguruetan bizi garenok gero eta kalte handiagoak jasaten ditugu. Egoera horri aurre egiteko modurik eraginkorrena prebentzioa da; hau da, zabor gutxiago sortzen saiatzea eta birziklatzea. Prebentzioaz gain, ordea, zabor horren bilketa egitea ere oso garrantzitsua da. Hori dela eta, bihar apirilak 7a, igandea, hondartza garbiketa egingo da Gaztetape hondartzan.

Getariako Surf Elkartea, Maisor Kontserbak eta Urritza Aisialdi Elkartea izan dira ekimen hau bultzatu dutenak. Goizeko 11:00etan elkartuko dira Getariako berdura plazan animatzen diren getariar guztiak. «Arropa erosoa eta zaborra jasotzeko eskularruak eramatea asko eskertuko genizueke. Sorpresatxoren bat edo beste ere izango dira. Guztiok zaudete gonbidatuta parte hartzera. Animatu eta bertan ikusiko dugu elkar!» aurreratu dute antolatzaileek.