Bihar emango diete hasiera Amabirjinei Aizarnan

Herri afarirako txartelak Aranburu landetxean eta Konpitteko tabernan daude salgai

AINARA MARTINZESTOA.

Bihartik aurrera, hilaren 14a, festagiroa nagusituko da Aizarnan. Festari hasiera txupinazoarekin emango zaio arratsaldeko 18:00etan, ondoren pilota partidak izango dira 18:30ean. 21:00etan herri afaria, punky gaua izango denez, jendea mozorrotzera animatzen dute. Berandu dabilenarentzat, afarirako txartelak salgai daude Aranburu landetxean eta Konpitteko tabernan. Egunari amaiera emango diete DJ Dávilaren emanaldiarekin 23:00etatik aurrera.

Ostegunean, amabirjin egunez, 11:00etan mezarekin eta ondoren jubilatuen hamaiketakoarekin hasiko dute eguna. Arratsaldean berriz, 18:00etan herri kirolak ikusteko aukera izango da. Jagoba Otaegi eta Izeta III harri jasotzen arituko dira, Ugaitz Mugertza eta Jesus Mari Mujika berriz aizkoran. Gaueko 22:30ean Eneko Arbeo eta Julen Badiola trikitilariak.

Ostiralean umeen eguna ospatuko dute, 11:30ean haurrek beraien txupinazoa izango dute eta 12:00etan krosa. Jarraian, 13:00ean ur-jolasak eta ondoren bazkaria 14:00ean. Bazkalostean, 15:30ean paxkualin eta ginaka ostean txokolatada 16:00etan. 19:00etan musikaz gozatzeko aukera izango da. Festei amaiera emango diete hilaren 17an oilasko biltzaileen egunarekin, goizeko 8:00etan egingo dutelarik irteera. 12:00etan paella lehiaketarako prestakizunak hasiko dira eta Zestoako txistulariak ibiliko dira Aizarnako kaleak alaitzen. 14:00etan oilasko biltzaileen dantza izango da plazan eta jarraian 14:30ean paellada. 16:00etan oilasko biltzaileek kaleetan dantzan jarraituko dute. Amabirjinei amaiera emango diete Laiotz taldearen emanaldiarekin, 23:00etan hasiko da.

Autobus zerbitzu bereziak

Lurraldebusek zerbitzu bereziak gehitu ditu hilaren 14, 15, 16 eta 18rako Azkoitiko Andramaixak direla-eta. Larunbatean, hilaren 17a, ohiko gaueko zerbitzuak izango dira. Hain zuzen ere, UK45G eta UK46g lineak. Zerbitzuak Azkoitiatik Zumaiara izango dira, hain zuzen ere ondorengo orduetan irtengo direlarik autobusak Azkoitiatik: 1:30, 3:30 eta 5:30. Autobusak Xabier Munibe geltokitik irtengo dira.