BIGA proiektuko cd eta dvd-a salgai daude Turismo bulegoan eta udal liburutegian, 10 euroan

BIGA. Diskoaren azala. /
BIGA. Diskoaren azala.

Getariako Udalak bultzatu du BIGA proiektua, Orio, Pasaia eta Hondarribiko udalekin batera

J.M. ZUBIAURRE GETARIA.

Gipuzkoako kostaldeko itsas kantak biltzea izan da proiektuaren helburua eta, ondoren, kanta horiek herrietako abesbatzek kantatu eta grabatzea. BIGA izeneko proiektua Getariako Udalak bultzatu du, Orio, Pasaia eta Hondarribiko Udalekin batera.

2017an abiatu zen egitasmoa eta aurtengo irailaren bukaeran egin ziren grabazioak herrietan. Axular Arizmendi mutrikuarrak koordinatu ditu lanak eta Mutrikun daukan AME estudioan editatu ditu bai grabazioak eta bai bideo-erreportajea.

Guztira 12 kanta biltzen ditu CDak, herri bakoitzeko hiru. Getariako kantak grabatzen Salbatore Deuna Abesbatza, J.S. Elkano musika-eskolako Elkano Abesbatza eta haurrak ibili ziren urrian Iturzaeta herri eskolako aretoan.

CDarekin batera DVD bat ere grabatu da, kostaldeko kantu-ondareari buruzko erreportaje bat jasotzen duena. Herri bakoitzeko bi ordezkarik grabatutako solasaldiak aurki daitezke bertan. Getariatik Jazinto Isastik eta Floren Iribarrek kontatu dituzte itsasoarekin lotutako hainbat kontu. Grabaketetako irudiekin osatu dute bideoa. CDa eta DVDa 10 euroan daude salgai Turismo bulegoan eta Udal Liburutegian, eta opari egokia izan daiteke egun hauetarako.

Urritzarekin Txuri Urdinera

Urtarrilaren 2an Txuri Urdinera joango dira Urritza Aisialdi Taldeko kideak eta herriko umeak. LH1etik LH5era arteko haurrentzat prestatutako irteera da. 15:15ean elkartuko dira plazan Donostiara joateko. Itzulera, berriz, 19:00etan izango da. Joan nahi dutenek igandea, abenduak 30 (barne), izango dute izena emateko azken eguna. Inskripzioa Katxopa Gaztelekuan egin behar da, 17:00etatik aurrera. Entregatu beharrekoa Txuri Urdinera joateko, osasun txartelaren fotokopia eta 5 euro.

 

Fotos

Vídeos