Betiko eta oraingo herri kirolari onenak gaur Arroagoian, Agustin Ostolaza omenduz

Liburuaren aurkezpenean parte hartu zuten lagunak. /  ARRIZABALAGA
Liburuaren aurkezpenean parte hartu zuten lagunak. / ARRIZABALAGA

Perurena, Arrospide, Mindegia, Iker Bizente, Larretxea, Arria II, Endañeta, Ostolaza, Iraola... gaur denak Arroan izango dira

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

Agustin Ostolaza Etxaniz Zestoako Elosu baserrian jaio zen 1946an. XX. mendeko harri jasotzaile onenetako izan zen, batik bat 100 eta 125 kiloko harriekin, hauekin hainbat errekor ezarri zituelarik. Pasa den asteazkenean bere bizitzari buruz argitaratu berri den liburuaren aurkezpena egin bazen Zestoan, gaur, lehen eta oraingo aizkolari eta harri jasotzaile ezagunenak ondo merezitako omenaldia eskainiko diote Arroagoian.

Ekitaldi hunkigarria izango dugu hau, historiaz betea, izen ezagunez betea, momentu beroez osatutakoa...

Arratsaldeko 17:30etan hasiko da gaurko jaialdia. Ongi etorria eta ekitaldiaren aurkezpena egin eta Agustin Ostolazaren sarrera egingo da bere biloben trikitixa doinuen laguntzaz. Ondoren Udane eta Elene bilobek agurra dantzatuko diote.

Segidan, hiru belaunaldi ezberdinetako aizkolari onenetakoak izango ditugu lanean, hara nola, Patxi Astibia, Miel Mindegia, Arria II.a, Donato Larretxea, Angel Arrospide, Luis Txapartegi, Iker Vicente, Mikel Larrañaga eta Arria V.a. Aizkolariek bi saio labur izango dituzte; bat zutikako enborra ebakitzen txanda librean eta beste bat etzandako bi edo hiru egur txanda librean.

Ondoren gaurko jaialdiaren bigarren atalean sartuko gara, non harri-jasotzaileak izango diren protagonista. Gauza jakia da gaurko omenduak, Agustin Ostolazak, 12 apustu jokatu zituela, eta denak irabazi. Gaur, apustu hauen nondik norakoak kontatuko dira, eta bertan izango dira bere aurka aritu ziren harri-jasotzaile ezagun hauetako asko, besteak beste, Perurena, Endañeta, Iraola, Paskualtxo, Uranga...

Horretaz gain, gaur egun plazetan dabiltzan 20 bat harri-jasotzaile izango dira lanean gaur Arroagoian: Joxe Ramon Iruretagoiena, Joseba Ostolaza Josetxo Urrutia, Josu Urbieta, Imanol Goikoetxe, Jesus Mari Iruretagoiena, Iban Ugartemendia Hodei Kortaberri, Galarraga, Jokin Eizmendi, Inhar Urruzuno, Iruretagoiena, Guzta, Julen Diaz, Jon Goenatxo, Gorka Etxeberria, Mateo Coloma, Mikel Lopetegi, Jon Gisasola, Urtzi Telleria, Aimar Irigoi...(ea denek posible duten). Hauek erabiliko dituzten harriak Agustinek apustuetan eta errekorrak egiten erabili zituen harriak izango dira.

Tartean sorpresarentzat uneak ere izango omen dira, noski, baina ezin dena azaldu, sorpresa izan behar badu.

Jakin jaialdia dohain izango dela, Arroagoiko frontoian, arratsaldeko 17:30ean hasiko dela eta bertan grada eta aulki gehiago jarri direla.

 

Fotos

Vídeos