Berrikunta eta esperientzia uztartzen dituen taldea osatu du EAJ-PNV-k

Hautagai jeltzaleak. Aitor Urresti buru dutela maiatzaren 26ko hauteskudeetako hautagaiak. /  AMAXKAR
Hautagai jeltzaleak. Aitor Urresti buru dutela maiatzaren 26ko hauteskudeetako hautagaiak. / AMAXKAR

Aitor Urresti alkategaiarekin izango den lantaldea aurkeztu dute jeltzaleek | Hauteskunde programa sei ardatz nagusiren gainean eraiki dute eta hainbat proiektu nabarmendu dituzte

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Aitor Urresti EAJ-PNVren Getariako alkategaiak datorren maiatzaren 26ko hauteskunde-zerrendan alboan izango duen lan-taldea aurkeztu berri du. Urrestiren hitzetan, «ilusioz gainezka dagoen taldea, eta oso konpaktua, osagarritasunaren adibide garbia. Berrikuntza eta esperientzia uztartu ditugu gure proiektua are gehiago aberastu eta osatzeko. Adin, lanpostu, ikasketa edo inguru ezberdinetako pertsonak batu gaitu proiektu oso garrantzitsuak: Getariak. Getariaren eta getariarren alde lan egiteko grinak, gogoak, ilusioak».

«Herritarren eguneroko beharrei eta Getariak orain eta etorkizunean dituen erronkei erantzungo diegu», azaldu du Urrestik. «Udalgintzan dihardugun batzuk eta ideia berriak dakartzaten beste hainbatek osatu dugu hautagaitza; gaitasun handikoa, oso anitza, berritzailea, eta lanerako oso gogotsu dagoena» berretsiz.

Alkategaiak esker hitzak izan ditu beraientzat, «alderdikideen babesarekin aurkezten naiz, legealdi honetan alboan izan ditudanekin, eta legealdi berrirako batu diren beste hainbatekin. Ziur naiz ekarpen ikaragarria egingo dietela guztiek Getariarako dugun proiektuari. Guztien konpromisoari esker Getaria hobe baten aldeko apustuari heltzen diogu, aukeraduna, guztion ongizatea bermatzen duena, justua, anitza, errespetua oinarri duena... finean, etorkizuna duen herria, bide oparoa egingo duena. Getaria indartsu bat», azpimarratu du.

Jomuga nagusi batekin aurkezten dira jeltzaleak hilaren 26ko hauteskundeetara, «Getaria egungo paralisitik atera eta abian jartzea. Ezin dugu geldirik jarraitu noraezean, inolako oinarri, proiektu eta ilusiorik gabe. Aurrera egin behar dugu, baina jakinik zer nahi dugun eta nola gauzatu. Jeltzaleok gara Getaria oparo bat eraiki eta garatzeko aukera bakarra».

Hauteskunde programa sei ardatz nagusiren gainean eraiki dute: Getariarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea, herri-ekonomiaren garapena eta kalitatezko enpleguaren sustapena, hirigintza eta herritarrek behar dituzten azpiegituren garapena, kalitatezko zerbitzu publikoen sustapena, gure nortasunaren zaintza eta bultzada eta gobernu ona bultzatzea: gardentasuna, parte-hartzea eta administrazioa eskura edukitzea.

Ardatz guztien hainbat eta hainbat proiektu barneratzen badituzte ere, nabarmendu ditu jada aurreratuak eta garatuagoak dituztenak, hala nola, «Meagako errepidea eraberrituko dugu faseka. 8 milioi euroko aurrekontua du proiektua eta urtez-urte zati ezberdinak gauzatuz eraberrituko dugu getariarrontzako ezinbestekoa den bidea. Baita ere futbol zelaia eraikiko dugu herrian, aisia-kirola zein maila profesionala garatzeko aukera emanaz getariarrei, alboko herrietara joan beharrik gabe. 'Mundubira 500: Elkano' proiektuari behin betiko sendo heldu eta alor kultural, sozial eta ekonomikoan herriaren garapena bultzatuko dugu».

Herri indartsua

Bestalde, «aparkalekuen aferari ere konponbidea emango diogu, eta hainbat eta hainbat kaleren eraberritzea sustatuko dugu, herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatu eta efizientzia energetikoa bultzatuz. Horiek hainbat eta hainbaten artean. Gutxi barru publiko egingo dugun herri-programan ikusgai izango dituzte herritarrek gure lan ildo guztiak».

Aitor Urresti alkategaiak borobildu du adieraziz jomuga bakarra dutela, «Getaria indartsu bat, guztiok harro sentitzeko Getaria bat; bertan jaio, hazi eta biziko garen herria. Gurea sentitzen duguna. Eta hori, guztion artean eraikiko dugu, herritar guztiok, guztiontzako. Gure proiektua herri-proiektua delako, guztiona, guztiok ordezkatzen gaituena, eta guztion artean garatuko duguna».

Goiko argazkian jeltzaleen hautagaien zerrenda ikus daiteke, eskuinetik ezkerrera hauek dira hautagaiak: Iosu Mugika, Olatz Urresti, Alex Epelde, Itziar Etxarte, Amagoia Ezenarro, Iñaki Solozabal, Aitor Urresti, Julen Aranguren, Elene Urresti, Maite Lopez, Jon Elizegi, Fermin Mendizabal, Gema Marrero.