Ana Belén García organo-jolea eta Easo Kapera Gregorianista Aizarnako parrokian izango dira igandean

Ana Belén García. /  DV
Ana Belén García. / DV

Saioa goizeko 11:30ean hasiko da eta kanta sorta ederra eskainiko dute

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

Igande honetan, goizeko 11:30ean hasita, kantu gregorianoak gogotik entzun ahal izango dira Aizarnako elizan. Bertan izango dira Ana Belén García organo-jolea eta Easo Kapera Gregorianista musika honen zale diren guztien mesederako.

Ana Belen Garcia Andoainen jaio zen eta hantxe hasi zituen bere musika ikasketak ere. Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan jarraitu zuen piano-prestakuntza eta bertan bukatu zituen pianoko eta klabizenbaloko goi mailako ikasketak nahiz zein organoko erdi mailako ikasketak.

Easo Abesbatzak 1995. urtean Gregoriano Eliz kantuan adituak ziren hainbat partaidez osaturiko kapera gregorianista sortu zuen, duela urte gutxi zendu berria den, A. Xabier Irastortza Lazkaoko Beneditarra zuzendari eta maisu zuelarik. Gaur egun 10 lagunek osatzen dute talde gregorianista hau, Demetrio Esnaolaren zuzendaritzapean.

Taldearen helburu nagusia elizetan gregorianoa kantatzea da bai elizkizunetan eta baita kontzertuetan ere eta, aldi berean, antzinako eliz kulturaren ondare preziatua entzuleengan zabaldu eta ezagutaraztea.

Mus txapelketa Portalen

Gaur, gaueko 22:30ean hasita, mus txapelketa azkarra ospatuko da Portalen. Izen emateak 22:00etan hasiko dira eta bikoteko 20 euro kostatuko da.