Baseritarren eguneko ekimenak bihar izango dira

11:15ean hasiko dira hamaiketakoarekin eta 18:00etan egingo da giza proba 3.800 kiloko harriarekin

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO USURBIL.

Akats baten ondorioz gaur argitaratzekoa zen Usurbilgo kronika atzo argitaratu zen eta horrek ekintza desberdinen data aldaketa nabarmena eragin zuen. Alkartasuna Baserritarren Kooperatibak Usurbilgo herri-kirol taldearen eta udalaren laguntzaz antolatutako baserritarren eguneko ospakizunak bihar izango dira. 11:15ean hamaiketakoa iragarri dute herriko frontoian eta 12:30ean bertso saioa izango da Ane Labaka eta Sebastian Lizasorekin.

Eguerdiko 14:00etan bertso bazkaria iragarrita dago Artzabal baserrian. Tartelak eskuratzeko epea gaur amaituko da eta Alkartasunan eta Artzabalen eskuratu daitezke 25 eurotan.

18:00etan, berriz, baserritarren egun honetako ekitaldi ikusgarriena izango da: giza proba 3.800 kiloko Usurbilgo harri handiarekin.

Hiru talde arituko dira. Txoriherri eta Lasuen talde mixtoak izango dira, 4+2 eta hirugarren taldea, Emarri 22 emakumek osaturikoa izango da eta harriari tiratzeko era guztiz desberdina izango dute, uztarri bereziarekin arituko baitira. Emarri taldeak emakumeen historian lehenengoz Usurbilgo 3.800 kilo harriarekin marka saiakera egingo du.

Bestalde, gimnasia erritmikoko Tximeleta torneoa gaur eta bihar eramango dute aurrera Oiardo kiroldegian. Donostia, Pasaia, Oiartzun, Usurbil eta inguruko 400 ikasle inguru bilduko dira, gaur arratsaldez 16:40etatik 18:30etara eta bihar goizez 9.35etatik 13.40etara.

Usurbil Futbol Taldeko jubenil mailako taldeak ere gaur jokatuko du Kopa txapelketako final zortzirenetako neurketa Oiartzunen aurka Hararen 18:30ean eta Usurbil Kirol Elkarteko jubenil mutilen eskubaloi taldeak Gipuzkoako kopako finala jokatuko du gaur arratsaldeko 19:30ean Oiardo kiroldegian Tolosaren aurka.