'Balenciaga eta espainiar pintura' erakusketan parte hartu du Museoak

El Greco gela. Madrilgo Thyssen-Bornemisza museo nazionalean topa daiteke uda honetan erakusketa hau. / THYSSEN-BORNEMISZA
El Greco gela. Madrilgo Thyssen-Bornemisza museo nazionalean topa daiteke uda honetan erakusketa hau. / THYSSEN-BORNEMISZA

Thyssen Museo Nazionalak antolatu du uda honetarako eta Balenciaga Museoak mailegatzaile garrantzitsu bezala ekin du

JUAN MARI ZUBIAURREGETARIA.

Thyssen-Bornemisza Museo Nazionalak Cristóbal Balenciagaren sorkuntza XVI. mendetik XX.era arteko Espainiako pinturaren tradizioarekin lotzen duen erakusketa aurkezten du aurtengo udan. Getariar jostunari Madrilen azken ia 50 urteetan eskainitako lehen erakusketa handia da.

Eloy Martínez de la Pera Cristóbal Balenciaga Museoko patronoak egindako komisario lana tarteko dela, ibilbide kronologiko bat proposatzen du erakusketak, margolanen bidez eta margolan horiei, estilo bakoitzari edo margolari bakoitzari lotuta, lagungarri diren soinekoen bidez. Elementu kontzeptualetan, formetan eta bolumenetan, konplizitate kromatikoetan oinarritutako loturak, modaren eta pinturaren arteko elkarrizketa liluragarri bat sorrarazten dutenak, Cristóbal Balenciagaren sormen-legatuaren eta haren inspirazio iturrietako baten arteko solasak.

Espainiako arteari eta kulturari buruzko erreferentziek beti izan zuten presentzia Cristóbal Balenciagaren lanean. Jostunak, jantziteria historikoaren zale izanik, etenik gabe berrikusten zuen modaren historia eta bere ibilbide artistiko osoan eutsi zien eragin artistiko horiei, are arorik abangoardistenean ere, joskera historikoak berreskuratuz eta eite modernoa emanik berrinterpretatuz.

27 pieza

Erakusketa osatzen duten 90 jantzi-piezetatik 27 Cristóbal Balenciaga Museotik eramanak dira. Beste erakunde batzuek ere, hala nola Madrilgo Traje Museoak, Bartzelonako Diseinu Museoak eta Terrasako Ehungintza Museoak, maileguan utzi dituzte obrak. Nabarmentzekoak dira, halaber, erakusketarekin kolaboratu eta jendaurrean agertu gabeko pieza batzuk plazaratu nahi izan dituzten partikularrek, familiek eta bildumazale pribatuek egindako ekarpenak ere.

Pinturari dagokionez, esparru nazionaleko museo multzo bikain baten kolaborazioa biltzea lortu da, hala nola Prado Museo Nazionala, Bilboko Arte Eder Museoa eta Lázaro Galdeano. BBVA, Santander eta hainbat bilduma pribaturen parte-hartzeaz gain, Alba Etxea, Abelló eta Alicia Koplowitz margolanak utziko dituzte.