Badatoz Antxua, Arrantzale eta Dantzari Txiki Egunak

Gure Txeruko dantzariak. Joan den urtean bezala berriz kalez kale ibiliko dira igandean. /  AMAXKAR
Gure Txeruko dantzariak. Joan den urtean bezala berriz kalez kale ibiliko dira igandean. / AMAXKAR

Maiatzeko lehen asteburuak ekimen ugari dakartza Getariara

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Herritar eta bisitariek asteburu mamitsua izango dute maiatzeko lehenengoa. Ostiraletik igandera ekimen ugari iragartzen dira. Horrela ostiral eta larunbatean Antxua Egunaren inguruan egitarau zabala prestatu da eta iganderako Arrantzale eta Dantzari Txiki egunak ospatuko dira.

Ostiralerako, Elkano Arrantzale Kofradiak Antxua Egunaren inguruan antolatu duen egitaraua 12:30ean hasiko da Cristobal Balenciaga Museoan. Bertan, 'Zilarrezko Antxua'-ren aipamena egingo zaie Gipuzkoako Arrantza Federazioa, Iñaki Zabaleta eta Alazne Uribarriri. Arratsaldean, 18:30ean, Gure Txeruko dantza taldearen emanaldia izango da Getariako trikitilari eta Gazte Alaiak txistulari taldearekin, frontoian. Ondoren, 19:00etatik 21:00etara, Antxua dastaketa, frontoian musikaz girotua (antxua parrillan, txakolinarekin eta sagardoa txotxetik).

Larunbatean jarraipena izango du Antxua Egunak. 11:00etan, Juan Sebastian Elkano II. Xake Txapelketa ospatuko da plazan. Hogei talde elkarren aurka lehian ikusteko aukera izango da, atzerritik etorritakoak ere bertan izango dira.

11:00etan ere, Antxua Eguneko III. Bela estropada eta 16:30ean, Txiki Chef tailerrak haurrentzat, plazan. 18:30ean, Urrezko aizkora, frontoian (giro txarra egingo balu kiroldegian), eta eguna amaitzeko, 22:00etan Landarbaso Abesbatzaren emanaldia, Salbatore Deunaren elizan (sarrera doan).

Igandean

Bi ekimen uztartzen dira iganderako, Arrantzale Eguna eta Dantzari Txiki Eguna, hainbat ekimenekin. 9:00etan Diana, Gazte Alaiak txistulari taldearekin; 11:00etan, Arrantzaleen Meza Getariako Salbatore Deuna Abesbatzak abestuta eta ondoren Karmengo Amabirjinaren prozesioa eta Itsas-bedeinkapena, Artzapen. Irudia bizkarrean aterako dute eta berdin ekarriko elizara bueltan, Artzapen bedeinkapena egin ondoren. Jarraian Arrantzale zaharrei omenaldia eta hamaiketakoa egingo zaie.

Bestalde, 11:00etan Lezo, Zarautz eta Getariako dantzariak elkartuko dira Berdura Plazan. Gero talde bakoitza herriko kaleetan zehar ibiliko da dantzan eta 13.00etan emanaldia eskainiko dute frontoian, batera dantzatuz.

11:30ean Gipuzkoako Trainerilen Ligako estropada lehiatuko da, 'IX. Antxua eguna' bandera jokoan jarrita. 12:30ean, Sugarri txarangak herriko kaleak girotuko ditu, baita arratsaldean 17:00etatik aurrera (Gure Txeruren eskutik).